Publicador de contenidos

Atrás Hurrengo ikasturtean ere euskara errefortzu klaseak eskainiko dituzte udalak eta herriko hiru ikastetxeek, elkarlanean

Haur eta nerabeen euskara-maila hobetzeko saioen lehenengo urtea amaitu berritan, balorazio ona egin dute bultzatzaileek, eta hurrengo ikasturtean proiektuarekin jarraitzea erabaki dute: irailean izango da izen-ematea, eta urrian hasiko dira saioak.

11·07·2024


2024/2025 ikasturtean ere HH5 eta DBH4 bitarteko ikasleentzako euskara errefortzu klaseak eskainiko dituzte udalak eta herriko hiru ikastetxeek, elkarlanean. Amaitu berri den ikasturtean eskaini dituzte saiook lehenengo aldiz, eta balorazio ona egin dute bultzatzaileek: horregatik, hurrengo urtean molde berean jarraitzea erabaki dute. Irailean izango da izen-ematea, eta urritik aurrera izango dira saioak.

Guztira, 51 ikaslerekin abiatu ziren euskara-maila hobetzeko saioak. Bost talde osatu dira; bana Aginagan eta Zubietan, eta hiru Usurbilgo kaxkoan; herriko hiru ikastetxeetako ikasleez gain, Lasarte-Orian eskolatutako zenbaitek ere parte hartu dute. Jatorriari erreparatuta, Euskal Herrian jaiotakoez gain, beste hamabost herrialdetan jaiotako ikasleek parte hartu dute.

Astean bitan aritu dira, ordu eta erdiz. Duten adinean behar baino maila apalagoa duten ikasleek izan dute lehentasuna, eta, batez ere, herrira heldu berri eta oinarrizko mailarik ere ez zeukatenek. Eskolaz kanpo euskara barneratu eta sendotzeko beste espazio bat ematea izan da saioon muina. Ahozkotasuna eta jolasa izan dira oinarri nagusiak.

Udalak, ikastetxeek eta Ttakun elkarteak saioen jarraipen estua egin dute, eta, nabarmendu dutenez, horrek aukera eman die ondo eginak eta zer hobetuak identifikatzeko. Izatez, zenbait aldaketa ere egin dituzte ikasturteak aurrera egin ahala. Proiektua, orokorrean, Ttakun Kultur Elkarteak eta udalak kudeatu duten arren, saioen gidari eta hezitzaile bi herritar izan dira, eta haien lana ere goraipatu dute bultzatzaileek. Azaldu dutenez, gurasoen iritziak ere jasotzen saiatu dira, eta aintzat hartu dituzte egindako ekarpenak: bileretan esandakoez gain, galdetegia erantzun duten guraso guztiek adierazi dutenez, saio horiek euren seme edo alabei hizkuntza barneratzen lagundu diete, eta gustura parte hartu dute.

Hurrengo ikasturterako zerbitzua lizitatzekotan da Udala. Molde berean jarraituko dute lanean: ikastetxeek identifikatuko dituzte saiook baliogarri izango zaizkien ikasleak, eta parte hartzera gonbidatuko dituzte. Horrez gain, herriko ikastetxeetan eskolatuta ez daudenek ere parte hartu ahal izango dute, betiere mailaketa-probaren baitan. Udala, bere aldetik, Lasarte-Oriako Landaberri eta Oriarterekin harremanetan izan da, esaterako, beharra luketen Usurbilgo ikasleengana heltzeko. Izen-ematearen arabera, bospasei talde sortzeko premia egon daitekeela aurreikusi dute.