Publicador de contenidos
Atrás Hondakinen kudeaketa hobetzeko lan egiten duen Hobeki elkartera atxikitzea onartu dute osoko bilkuran
01·05·2020
Hondakinen kudeaketa hobetzeko Euskal Herriko toki erakundeen elkartea da Hobeki: apirileko osoko bilkuran Usurbil elkarte horren parte izatea onartu dute, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren eta PSE-EEren kontrako botoekin. Hitzarmen horren arabera, udalak, urtero, 4.000 euroko ekarpena egingo dio elkarteari, biztanle kopuruaren arabera egokitzen zaion kopurua baita.
Hondakinen inguruko praktika onak bultzatzea du xede Hobekik. Hamar herri daude Hobekiren barruan, Usurbil kontatuta: Berastegi, Hernani, Leintz Gatzaga, Oiartzun, Segura, Zaldibia [Gipuzkoa], Berriatua, Larrabetzu [Bizkaia] eta Donemiliaga [Araba]; Larraul [Gipuzkoa] horren kide zen, azken udal-hauteskundeak arte. Izatez, Usurbilgo Udala izan zen elkartearen bultzatzaile nagusietako bat 2018an, baina urte hartan finantza plan baten barruan zegoenez, ezin zuen elkarteko kide izan. Finantza plana beteta, orain sartuko da Usurbil elkartean.
PSE-EEk azaldu zuenez, ados dago hitzarmenaren puntu batzuekin: “Baina errauste plantari buruz hitzarmenean esaten direnak ez ditut partekatzen, eta kontra bozkatuko dut”.
Garbitania eta udalaren arteko hitzarmena
Hondakinei lotutako beste bi puntu ere landu zituzten apirileko osoko bilkuran: Udalaren eta Garbitaniaren arteko harremana egituratzeko hitzarmenarena eta 2020ko Jarduera Plan Orokorra onartzearena. Hitzarmenak, funtsean, ez dakar ezer berririk, Lur Etxeberria zinegotziaren esanetan: harremana formaldu eta eskubideak eta betebeharrak zehaztea da bi puntuon helburua.
EAJk honela argudiatu zuen kontrako botoa: “Zabor bilketa berrantolatu egingo genuke, eta ez gara Garbitaniaren aldekoak”.