Publicador de contenidos

Atrás Hondakinen bilketa Covid19 garaian: jarraibideak

Kutsatzeen arrisku katea mozteko jarraibideak eman dituzte Atez Ateko bulegoak eta udalak.

23·09·2020


Covid19-ren garaian hondakinak modu are bereiziagoan jasotzeko zenbait jarraibide eman dituzte Atez Ateko bulegoak eta udalak. Osasun krisia hasi zen momentutik bertatik ezarri zituzten gaixorik edo isolamenduan zeuden herritarren hondakinak modu are bereiziagoan jasotzeko argibideak: Atez Ateko bulegoari jakinarazi eta horrek prozeduraren berri ematea izan da funtzionamendua, funtsean. Orain, PCR proba gehiago egin eta prebentziozko isolamendua gehiagotan agintzen ari diren honetan, jarraibide gehiago eman dituzte.

Eskatu dute etxebizitzako kideen artean norbait PCR probaren emaitzen zain dagoen bitartean ez ateratzeko hondakinik. Proba egin eta biharamunean izaten da emaitzen berri, eta, beraz, gehienez ere egun bateko edo biko kontua izango litzateke. PCR probaren emaitza negatiboa izanda etxean konfinatuta gelditu behar dutenek ohi bezala atera ditzakete hondakinak. Aldiz, PCR probaren emaitza positiboa bada, orduan jakinarazi behar zaio Atez Ateko bulegoari. Etxebizitzako kideen artean batek positibo ematea nahikoa da bilketa modu are bereiziagoan egiteko. Atez Ateko bulegora deitu [900 776 776], eta haiek joango dira hondakinak jasotzera.