Publicador de contenidos

Atrás Hondakinak Covid19 garaian: irizpideak

Konfinamendua arintzeaz gero eta gehiago hitz egiten den arren, birusak bere horretan jarraitzen du, eta etxeko hondakinak kudeatzeko irizpideak betetzearen garrantzia nabarmendu du udaleko ingurumen sailak.

08·05·2020


Osasun krisiak eztanda egin eta berehala egokitu zuen Usurbilgo Udaleko Ingurumen sailak atez ateko sistema, testuinguru berriak baldintza berriak eskatzen zituela pentsatuta. Hala, Covid19 birusak jota edo berrogeialdian isolatutako etxebizitzentzako irizpideak pentsatu, prestatu, eta argitaratu zituen. Funtsean, modu egokituan, gaitzak jotakoen edo berrogeialdian zeuden herritarren hondakinak bereizita jasotzea izan da, hasieratik, helburua. Hori egin ahal izateko, egoera horretan zeudenek udalari egoeraren berri ematea ezinbestekotzat jo zuten, informazio hori jasotzeko modu bakarra horixe zelako. Konfinamendua hasi zenetik ia bi hilabete betetzera doazen honetan, irizpide horiek indarrean jarraitzen dute, eta zorrotz betetzearen garrantzia nabarmendu du udalak.

Izan ere, konfinamendua arintzeaz gero eta gehiago hitz egiten da, baina birusak bere horretan jarraitzen duenez, hondakinen bilketa modu bereizian egiteak berebiziko garrantzia du oraindik ere. Egoera horretan dauden herritarrek, horren berri emateko, Atez Ateko bulegora deitu behar dute: 900 776 776. Gainerako herritarren kasuan, hondakinak utzi aurretik zein kuboak jaso ostean eskuak garbitu eta kuboak desinfektatzea gomendatzen da.

Hori guztia hala izanik ere, aldi berean, bestelako ohar batzuk egin dituzte azken egunetan. Batetik, Atalluko Garbigunea zabaldu dute: erabilera baldintzak eta ordutegiak sanmarkos.eus webgunean kontsulta daitezke. Bestetik, erabilera bakarreko eskularru eta maskarak errefusa dira, eta, beraz, edukiontzi grisera (eta inoiz ez lurrera) botatzeko eskatu dute. Gainerakoan, hondakinak dagokien egun eta moduan ateratzen jarraitzeko eskatu diete herritarrei, baita bestelako hondakinak etxean edukitzeko ere (etxeko olioa, arropak edo ezohiko hondakinak), egoera bere onera itzultzen den arte.