Publicador de contenidos
Atrás Hiru kide berri izango ditu Kabienek aurten, Hasiz Hazi bekaren bidez
17·01·2022

Hiru kide berri izango ditu Kabiene Elkarlan Guneak aurten, Hasiz Hazi beka ebatzi ostean. Tokiko Gobernu Batzordeak abenduaren 23an egindako bilkuran behin betiko onartu zituen ekintzaileentzat Kabiene Elkarteak duen elkarlan gunean egonaldirako diru-laguntzaren kopuruak. Beka horrek bi deialdi izaten ditu, urtero: maiatzaren 31ra bitartekoan ez zen eskaerarik aurkeztu, eta bigarrengoan, hiru, eta hiruak onartu dituzte.
Hasiz Haziren bidez enpresa proiektu berri bat garatzen ari diren pertsonei edo JEZ Jarduera Ekonomikoaren Zergan alta emanda egon eta lan egiteko leku bat behar duten pertsonei urtebeteko egonaldia ordaintzen zaie Kabiene Elkarteak duen elkarlan-gunean, lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izan dezaten. Eskatzaile bakoitzak 1.089 euroko dirulaguntza jasoko du.
Gaur bertan argitaratu dute ebazpena GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, deialdiaren administrazio bidea amaituz. Itzulpengintzan eta testugintzan aritzen den Ane Garcia Lopezek, edizio zerbitzuetan aritzen den Teresa Bailach Arratek eta diseinatzaile grafikoa den Ainara Fernandez Beristainek eskuratu dute beka.
