Publicador de contenidos
Herritarren Babes Sarea jarri dute martxan hainbat herritar boluntariok, Hurbilagok eta udalak elkarlanean
15·03·2020
Covid19 birusa dela eta era askotako arazoak izan ditzaketen herritarrei laguntzeko Herritarren Babes Sarea jarri dute martxan herriko hainbat boluntariok, Hurbilagok eta udalak, elkarlanean. Udalean sortutako Prebentzio Mahaia urgentziaz bildu zen atzo, larunbata, osoko bilkuren aretoan, koronabirusari eta horren ondorioei aurre egiteko neurri berriak adosteko. Ohi baino jendetsuagoa izan zen, udaleko hiru taldeetako ordezkari politikoez eta udal-langileez gain, Hurbilagoko ordezkariek eta zaintza eta adinekoen oinarrizko behar sozialei erantzuteko osatzen ari den herritar boluntarioen ordezkariek ere parte hartu baitzuten: pandemiari herri bezala erantzuteko lehenengo urratsa egin zuten. Lau orduko bileran, herritarren babes sarea nola kudeatu, saltokietan prebentziorako zein neurri hartu eta horri guztiari erantzuteko udaleko gizarte zerbitzuak nola antolatu erabaki zuten.
Herritarren Babes Sarea. Batetik, boluntario sare bat osatzen ari dira Whatsapp talde batean: ondoko estekan klik eginda automatikoki sartzen da telefonoa talde horretara [https://chat.whatsapp.com/DXLvvdhbLlSFag61YIONSA]. Talde horretako kide guztiei galdetegi bat betetzeko eskatuko zaie, zertarako prest dauden eta euren disponibilitatea jakiteko. Bestetik, udaleko gizarte zerbitzuetatik kudeatuko duten telefonoa ahalik eta gehien zabalduko dute, hainbat medioren bitartez, ahalik eta herritar gehienengana iristeko; herritarrei dei egin diete beste herritar batek behar duela uste izanez gero haien ordez dei dezaten. Hauxe da zenbakia: 688 634 512, eta, oraingoz, 08:00etatik 14:00etara egongo da martxan. Astelehenean gai honi lotutako bigarren bandoa zabalduko du udalak etxez etxe.
Esan gabe doa, udalak bere esku dauden bitarteko guztiak utziko dituela boluntarioen esku, zerbitzuak ematen hasten direnean prebentzio neurri guztiak betetzen dituztela bermatzeko. Horrez gain, batzuek zein besteek jarraitu beharreko protokoloak zehaztuko dituen dokumentu bat prestatzen ari dira, sarea ofizialki martxan jarri baino lehen zabalduko dena.
Ondoko kolektiboei lagunduko diete boluntarioek: 65 urtetik gorako herritarrei, elbarritasunen bat dutenei, haurren zaintzarako arazoak dituztenei eta gaixorik edo isolatuta daudenei. Norberak ez, baina arazoak izan ditzakeen beste herritarren baten berri eman nahi dutenek ere dei dezakete telefono horretara. Ondoko beharrei erantzungo diete boluntarioek: kontziliazio arazoak tarteko haurrak zaintzeko laguntza behar dutenei, oinarrizko elikagaiak edo farmaziako botikak erosteko laguntza behar duten 65 urtetik gorako herritarrei.
Dendak eta zerbitzuak. Eusko Jaurlaritzatik ostalaritza alorreko establezimendu guztiak ixteko agindua iritsi zen, baina dendak eta zerbitzuak irekita daude. Hurbilagoko kideek horiei begirako lanketa egin dute, herriko saltoki eta zerbitzu guztientzako baliagarria izango dena: Herritarren Babes Sarearen berri ematen duen kartela eta euren bezeroek jarraitu beharreko gomendioen kartelak egin dituzte, eta guztiei emango zaie kopia bana, bakoitzak bere lokalean jar dezan. Horrez gain, komertzio guztietako sarreran eskuak desinfektatzeko produktuak jarriko dituzte, bezero guztientzako, eta metro eta erdiko distantzia errespetatzeko seinaleak jarriko dituzte lurrean. Brigadako bi langile bideratuko ditu udalak zeregin horretara, astelehenean goizean goizetik hasita.