Noticias
Atrás

Herritar batek aurkeztutako mozioa eta alderdien arteko ika-mika nagusi ekaineko osoko bilkuran

Hiru hilabeteren ostean, udaletxeko pleno aretoan egin dute osoko bilkura.

26·06·2020


Gai-zerrenda laburra zuen ekaineko osoko bilkuraren deialdiak, baina aurreikus zitekeena baino gehiago luzatu zen. Gabriel Antonio Valin Marzan herritarrak aurkeztutako mozioa eta galdera-eskaeren puntua izan ziren eztabaidagai nagusi plenoan: hiru hilabeteren ostean, udaletxeko pleno aretoan egin zuten. Iragarri zutenez, uztaileko osoko bilkura hilaren 23an izango da.

Diktaminatu gabe iritsi zen Valinek aurkeztutako mozioa plenora [LOTURA], eta, beraz, landu edo ez erabaki behar zuten lehenengo: EH Bilduren eta PSE-EEren botoekin lantzea onartu zuten. Hala, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak Valini eman zion hitza, mozioa irakur zezan. Lau proposamen egin ditu Valinek dokumentu horretan: elikadura burujabetzan eta energia trantsizioan sakontzea, edozein alderdi politikok, gizarte-mugimenduk, sindikatuk edo herritarrek udalari proposamenak egiteko parte hartze prozesu bat egitea eta Usurbilgo Batzarre eratzeko prozesu konstituziogile bat abiatzea proposatzen du.

Dokumentua irakurri ostean, EAJko Josune Urkolak hartu zuen hitza. Ez zuten gaia landu nahi, baina aipatu zuten ez dutela onartzen esatea, Valinek dokumentuan esan bezala, gutxiengo bat ari denik Usurbil gobernatzen, hauteskunde batzuen ondotik aukeratutako herritarren ordezkari diren aldetik. EH Bilduren aldetik, Solaberrietak nabarmendu zuen zenbait puntutan Valinen proposamenekin bat egin arren, kontra bozkatuko zutela. “Zurekin bildu ginenean esan genizun bezala, burujabetza energetikoa eta elikadura burujabetza udal-gobernu honen ildo estrategikoak dira, eta horretan ari gara lanean: 51 neurri ditugu jasota, norabide horretan, Legealdiko Planean. Herri honi lapurtutako burujabetza aipatzen duzu, eta gure udal-gobernuaren praxia burujabetza partekatua da: txanpon beraren bi aldeak dira udala eta herritarrak”. PSE-EEko kide Patxi Suarezek nabarmendu zuen zenbait puntutan ados egon arren, kontra bozkatu behar zuela, udalbatza hauteskunde batzuen ostean aukeratua delako.

Valinek, alderdiei erantzunez, Usurbilentzat “egun tristea” zela adierazi zuen, “Espainiako estatuak emandako boterea berenganatu” dutelako udalbatzako kideek, eta “Euskal Herrian jatorri duen sistema batzarreren alde” egin beharrean, “boterea aukeratu” dutelako.

Ika-mika, galdera-eskaeren tartean

Galdera-eskaeren puntuan hiru alderdien arteko ika-mika izan zen. Suarezek Covid19-arekin lotutako bulego bat sortzeko proposamen bat eman zien udalbatzako kideei. Suarezek bere proposamena azaldu zuen. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Usurbilgo Udalak abiatutako dirulaguntza lerroak txalotu arren, Covid19-arekin lotutako bulego bat sortu behar litzakeela uste du, eta langile bat jarri, herritarrak artatzeko. Solaberrietak erantzun zion bere proposamena, de facto, egiten dela: “Beterri Buruntzako udal guztietan egin diren Covid19-aren inguruko dirulaguntza guztiak webgune berezi batean daude: leihatila berezi bat da enpresa txiki eta autonomoei esateko handik eta hemendik zer nolako dirulaguntzak dauden. Udalera galdezka etortzen den guztiari esaten zaio hori badagoela. Beraz, udaletik eta Beterri Buruntzatik horretan ari gara”.

 

Solaberrietak erantzun zion urgentziazko kontua ez zenez, eskaera erregistratu egin beharko lukeela. Eta, horrez gain, EAJren zein PSE-EEren jarrera gaitzetsi zuen: “Komunikabideen bidez jasotzen ditugu zuen proposamenak”. Berdin egin zuen Beñat Larrañaga EH Bilduko zinegotziak: eurekin hitz egin beharrean komunikabideetara jotzen dutela, eta azken hilabeteetan ez dutela proposamenik egin. Suarezek erantzun zuen “beti” saiatzen dela proposamenak egiten. Urkolak, berriz, gaitzetsi zuen hauteskunde kanpaina kutsua iradokitzea EH Bilduko taldekideek.

EAJri erantzunez, konfinamendu garaian sortutako oinarrizko elikadura bermatzeko dirulaguntzari buruz Noauan argitaratutako oharrari erantzun zion Solaberrietak: “Partida ez da agortu: astearteko batzordean eman nizkizuen azalpenak. Salbuespenezko egoera batean martxan jarritako ezohiko dirulaguntza bat ohiko bideetara bideratu dugu: eskatu duten familiekin banan-banan jarri gara harremanetan, eta inor ez da babesgabe gelditu”. Azaldu zuen aldaketa egiteko erabakia ez dela politikoa izan, teknikoa baizik: “Gizarte zerbitzuetako departamentu buruak txosten bat egin du, eta batzordean aurkeztekoa da: ezustean harrapatu du ohar hori publikoki atera izana”.