Publicador de contenidos

Atrás Herri zaintzailea izateko beste urrats bat: merkatari zaintzaileen sarea

Bezeroen ongizatea eta autonomia bermatzen laguntzen duten merkatariek osatzen dute merkatari zaintzaileen sarea. Oraingoz, herriko hamasei establezimenduk egin dute bat ekimenarekin, eta hurrengo egunetan atxikimendu gehiago lortzea espero dute. Era berean, espazio horiek adinekoei zein haur eta nerabeei babesa eta laguntza ematen egiten duten lana aitortu eta ikusarazi nahi dute.

05·06·2024


Usurbil herri zaintzailea izan dadin egindako beste urrats baten berri eman dute gaur: merkatari zaintzaileen sarea. Tokiko merkatari eta ostalariek ohikoa dute bezeroen zaintza, eguneroko harremanaren ondorio, eta beti egin izan duten hori saretzea dute orain helburu, ekimen berriaren bidez. Merkatari zaintzaileen sarearekin bat egin duten establezimenduek pegatina urdin bat izango dute jarrita atean, identifikatzeko lagungarri gisa: oraingoz, hamaseik egin dute bat ekimenarekin, eta hurrengo egunetan atxikimendu gehiago lortzea espero dute.

Maider Irisarrik, Usurbilgo zaintza ekosistemaren arduradunak, eman ditu merkataritza zaintzailearen inguruko azalpenak. Haren esanetan, zaintza ekosistema propioa sortzeko prozesuan sortutako komunitate lantaldeak abiatu du merkataritza zaintzailearen ekimena. “Bezeroen ongizatea eta autonomia bermatzen laguntzeko ekintzak egiten dituzten merkatarien sare bat sortu dugu. Ez da ezer berria: herriko denda txikietan sortzen diren konfiantzazko harremanak eta merkatariek egiten duten zaintza lana aitortu eta ikusarazi nahi dugu”. Irisarrik azaldu duenez, ekimen honen bidez egoera zaurgarrien detekzioari lotuta, herritarren eta gizarte zerbitzuen artean komunikazio kanal bat zabaldu nahi dute. “Tokiko merkataritzak herriak bizirik mantentzen laguntzen du, eta, modu honetan, Usurbil herri zaintzailea izatera heltzen laguntzen dute”.

Itziar Illarramendi da komunitate lantaldeko kideetako bat. Azaldu duenez, merkatari zaintzaileen sarea izan da lantaldetik abiatutako lehenengo lana. “Beraiek aspalditik dira zaintzaile, zaintza lan isila eta diskretua egin izan dute beti, eta egiten jarraitzen dute”, Illarramendiren esanetan. Urrats bat harago joan, eta esparru hori zabaldu, konektatu eta sarea sortzea izan dute helburu: “Herri zaintzailea lortu nahi badugu, lan ugari, denbora dezente, baikortasuna barruan, tinkotasuna kanpoan... horrela jarri gara erronkari begira”.

Ekimena adineko pertsonen zaintzari lotuta sortu da, batez ere, nahiz eta ekimenaren onuradunak herriko dendetan erosten duten guztiak izan. Adinekoen kasuan, besteak beste, dendariek laguntza eskain diezaiekete eguneroko erosketak egiten jarraitu ahal izateko, edo dendetan sortzen diren solasaldien bidez, bakardadea saihesten. “Ondo ezagutzen dituzte bezeroak eta konfiantzazko harremanak sortzen dira bezeroen eta dendarien artean; dendariak, gainera, ikusten dituzten egoeren aurrean beti erne egoten dira”. Haur eta nerabeei ere babesa eta leku segurua eskainiko diete, eta, behar izanez gero, saltokitik deitzen ere utziko diete. Izan ere, herriko guraso elkarteek bat egin dute Altxa Burua ekimenarekin, telefono mugikorren erabilera atzeratzeko ahaleginean, eta merkataritza zaintzaileen figurak euren helburuekin bat egiten du, Izaskun de Miguelek guraso elkarteen ordezkari gisa azaldu duenez.

Artzabalgo Gure Pakea jubilatuen elkarteko ile-apaintzailea da Ane Loidi, eta herriko merkatarien ordezkari gisa hitz egin du: “Gure bezeroak ohikoak izaten dira, eta atetik sartzen direnerako badakigu nola datozen: gu haiek zaintzen saiatzen gara, behar dutena ematen”. Loidik nabarmendu duenez, betidanik egin duten zerbait izan arren, sare bat sortzeak indarra ematen dio ohiko lan horri: “Batzuetan nora jo ez genekiela gelditzen ginen, eta orain badakigu”. Merkatariak laguntzeko daude, haren esanetan, eta deialdia egin die herritarrei: “Laguntzeko gaude, beraz, lasai sartu gure denda edo establezimenduetara”.

Herri zaintzailea, marka bihurtuta

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak gogorarazi duenez, azken urteetan zaintza lanak eraldatzeko lanean ari dira herrian, eta misio bat ere ezarri dute, zaintzaren erronkari heltzeko: “2030erako norbere bizitza proiektuari erantzungo dion zaintza eredu integral eta duina lortzea, erantzunkidetasuna, eragileen arteko lankidetza eta zaintza langileen profesionalizazioa eta duintasuna ardatz izango duena”. Misioarekin batera, hori lortzeko ekintza zehatzak ere idatzita daude, zaintza eredu berri baterako bide-orriarekin batera.

Zaintza zeharlerrotasunez eta ikuspegi sistemikoz lantzen ari da udala, Solaberrietak azaldu duenez: “Zaintza Usurbil txirikordatzeko haria dela uste dugu”. Horretan ari da udala, eta, horrenbestez, hori guztia irudi batean jasoko lukeen marka edo logoa sortu da: “Gure herri-proiektuari zentzua eman eta logika horretatik irudikatu dugu. Pertsonak, herria eta ingurumena zaintzen dituen herria izan nahi dugu: herri zaintzailea”. Gainera, azpi-markak ere sortu dituzte zaintzaren ikuspegia txertatu den alorrentzat: merkatari zaintzaileez gain, festa zaintzaileen azpi-marka eta Usurbil, goazen kalera -ren azpi- marka.