Publicador de contenidos
Atrás Herri-merkataritza
05·12·2019
Gauza jakina da herri-merkataritzak ez dituela momentu errazak, gozoak, bizi. Azken bolada honetan, maiz iristen zaizkigu merkataritzagune handiei buruzko albisteak: Zaldunborda, Illunbe, Garbera, Belartza, Michelin inguruan Lasarte-Oriako Udala sustatzen ari den proiektua, Terasategi... Egun aurreikusten diren proiektu guztiak gauzatuko balira, Donostialdea inguruan, Irundik Usurbilera arteko lur-eremuan, 200.000 metro koadro gehiago okupatuko lirateke jarduera komertzialetarako. Astakeria. Horrek izugarrizko desegonkortasuna ekarriko dio sektoreari, eta ondorio konponezina gure herrietako komertzio eta denda txikiei. Horregatik, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak esku hartzea eta egoera arautzea, berandu izan baino lehen.
Horretaz gainera, merkataritza elektronikoaren gaia hor dago. Bistan da azken urteotan izugarri aldatu direla gure erosteko ohiturak.
Testuinguru honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da merkataritza-, kontsumo- eta bizi-ohiturak zaintzea, eta gure herriko izaera, erro sakonak dituena, babestea. Herri biziak nahi ditugu, eta tokiko merkataritza herri bizien berme da. Ez dugu nahi herriko plazak saltoki handietara lekualdatzerik. Gure herriko kaleak ez ditugu hutsik nahi. Eta, beraz, ez dut dudarik herri-merkataritza bereziki zaindu beharreko sektorea dela eta hori sustatzeko neurriak behar direla.
Alabaina, ez da aski esatearekin. Egin, egin behar da. Eta horretan gaude, buru-belarri. Herri-merkataritza eta ostala-ritza biziberritzeko plana eguneratzeko zereginari heldu berri diogu. Hurrengo urteetarako ildo-estrategikoak, helburuak, egitekoak eta finantzaketa zehaztuko dituen plana, hain zuzen ere. Iparra argi izateko baina, aurrez informazioa behar da. Egoeraren gaineko azterketa zehatza behar da, eta horretan ari da Siadeco egunotan, udalaren eskariz. Batetik, usurbildarren erosteko ohiturak zeintzuk diren jakin nahi dugu: horretarako, 600 inkesta baino gehiago egingo ditu herritarren artean. Inkesta kopuru oso altua da hori, Usurbilek duen tamainarako. Bestetik, herriko merkatari, tabernari eta zerbitzuetako profesionalen iritziak ere jasoko dituzte, egungo egoera eta etorkizunerako aurreikuspenak aztertzeko. Izan ere, ezinbestekoa da jakitea gai izango ote den Usurbilgo merkataritza-sektorea tokiko merkataritzak dituen erronka berriei erantzuteko. Toki gutxitan egin da halako azterketa soziodemografikorik, eta, zentzu horretan, aukera hau baliatu nahi dut Siadecori eskertzeko Usurbilekin duen konpromisoa eta iniziatiba.
Halaber, txoko honetatik dei egin nahi dizut inkestan parte hartzera. Erronka handia dugu esku artean. Herri-erronka, esango nuke nik. Tokiko garapen ekonomikorako eta zentzu guztietan herri bizia izaten jarraitzeko ezinbesteko erronka. Egoera larria bada ere, mehatxua aukera bihurtu nahi dugu, eta anbizio handiko tokiko merkataritza eredua diseinatu. Horretarako, zu ezinbestekoa zara. Udalak, merkatariek eta herritarrek eskutik aritu behar dugu. Bidaide izan. Herrigintza.