Publicador de contenidos
Atrás Haur eskolako eta Elkarguneko proiektuei aurre egiteko mailegu bat eskatuko du udalak
27·09·2024
Udalak 2,7 milioi euroko mailegu bat eskatuko du haur eskolako eta Elkarguneko proiektuei aurre egiteko: hala erabaki zen atzo, iraileko osoko bilkuran, udal-gobernuaren ekimenez. Horren esanetan, bi herri proiektu garrantzitsu dira haur eskola eta Elkargunea, eta beharrezkotzat jo du mailegu hori eskatzea, biak ere legealdi honetan bideratu ahal izateko. Udal-gobernuaren botoekin onartu zen kreditu aldaketa; EAJk aurka bozkatu zuen, eta PSE-EEk abstentziora jo zuen.
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak eman zituen mailegua eskatzearen inguruko azalpenak. Arau fiskalak daude mailegua orain eskatzearen oinarrian. Udalen kudeaketa ekonomikoa gidatzen duten hiru arau berezi dira arau fiskalak: aurrekontuaren egonkortasuna, zor bizia eta gastu araua. Pandemia garaian etenda gelditu baziren ere, berriz jarri dira indarrean: hiruetakoren bat beteko ez balu, udala behartuko legoke finantza-plan bat martxan jartzera, eta ezingo luke mailegurik eskatu bi urtean. “Horregatik, iruditzen zaigu zuhurrena kreditu aldaketa orain egin eta mailegua orain eskatzea dela”.
Solaberrietaren esanetan, udalak azken urteetan izan duen mailegua, nagusiki, Zumarteri lotua dago; 2027an amaituko du hori ordaintzen, eta, hain zuzen ere, 2027an hasiko litzateke ordaintzen mailegu berria. “Urtero aurrekontuetan zama bat eragingo badigu ere, udal honen aurrekontua kontuan hartuta ez digu eragotziko bestelako inbertsioak egin ahal izatea: orain arte ere hala izan da”, nabarmendu du.
Haur eskolaren kasuan, orain arte kudeaketari lotutako gaiak lantzen aritu da udala azken urtean, eta orain eraikinaren gabeziei aurre egitea egokitzen da: proiektu bat osatzen ari da udala. Elkargunearen kasuan ere, partaidetza prozesua eginda, arkitektura proiektua ari da lantzen: oraingoz ez dago ez proiektu ez aurrekontu zehatzik, dena den.
Hori izan zen, hain zuzen ere, EAJren argudioa aurka bozkatzeko. “Proiektuaren kostua zenbatekoa izan den jakin gabe, arriskatzea dela iruditzen zaigu. Uste dugu kreditu aldaketa hau ez dela beharrezkoa: aurten ez da gastatuko, eta zalantza daukagu datorren urtean gastatuko den edo ez”. Horrekin batera, nabarmendu zuten ez daudela Elkargunearen proiektuaren aurka: “[Proiektua] babesten dugu, baina babesten dugu, baita ere, guraso batzuek haur eskola bertan kokatzeko egin zuten eskaera”.
PSE-EEk, bere aldetik, adierazi zuen ulertzen duela mailegua orain eskatzearen arrazoia, nahiz eta proiektuaren inguruko informazio gehiago edukitzea gustatuko litzaiokeen; horregatik, abstentziora jo zuen.
Solaberrietak, EAJri erantzunez, nabarmendu zuen oraindik aurrekontu bat edo proiektu zehatz bat eduki ez arren, udalaren gaitasun ekonomikoa izan dela maileguari muga jartzeko irizpidea. “Elkargunearen partaidetza prozesuan oso presente egon da alde ekonomikoa: oraindik ez daukagu proiektu arkitektonikorik, baina badakigu gehienez ere zeri erantzun diezaiokegun”. Haren esanetan, 2,7 milioi euroko mailegua eskatuta, udalak, urtero, 250.000 eta 300.000 euro artean gorde beharko ditu aurrekontuetan maileguari aurre egiteko, eta horrek “koltxoi garrantzitsu bat” emango dio bestelako inbertsio batzuei ere aurre egin ahal izateko.
Beste bi kreditu aldaketa, dekretuz onartuak
Irailean, urtea amaitu bitarteko aurreikuspenak egin ditu udalak, eta horren ondorioz egin dituzte beste bi kreditu aldaketa, dekretuz onartuak izan direnak eta iraileko osoko bilkuran berri eman dutenak. Biak gehituta, 338.460 euroko aldaketa izan da. Solaberrietak udal-gobernuaren ekimenez proposatutako hiru partida esanguratsuenak aipatu zituen osoko bilkuran. Batetik, 150.000 euroko partida bat sortu dute udaletxeko teilatua konpontzeko. Bestetik, 65.000 euro bideratuko dira udal-brigadaren lorezaintzako makina bat erosteko. Azkenik, 20.000 euro gehituko zaizkio aplikazio informatiko bat erosteko aurrez gordetako partida bati. Gainerakoak aurrez zeuden partidetan gehikuntza batzuk egiteko dira, aurreikusi baino diru gehiago behar delako.
338.460 euro horiek bi tokitatik hartuak izan dira. 110.000 euro aurten egiterik izango ez den Ez Dok Amairu parkerako gordetakoak dira: “Ezin izan diogu proiektu horri heldu aurten, Kultura sailean bestelako lehentasun batzuk jarri ditugulako”. Gainerakoa, 228.460 euro, diruzaintza gerakinetik hartu dituzte.
Hiru kreditu aldaketak kontuan izanda, Usurbilgo Udalak bere historian izandako aurrekonturik handiena izaten amaituko du 2024 urtea: zehazki, 19.295.800,58 eurokoa. Dena den, GAOn argitaratu eta jendaurrean egon beharko du erabakiak; alegaziorik ez bada, iragarkia berriz argitaratu eta behin-betiko bihurtuko da.