Publicador de contenidos

Hasieraz eta aho batez onartu dute Zapategi industrialki garatzeko udalaren, Gureak-en, Balferren eta Michelinen arteko hirigintza hitzarmena

Jendaurrean jarriko dute akordioa, GAOn publikatu ostean: 20 laneguneko epea izango da alegazioak jartzeko. Zapategiko proiektua gauzatu ahal izateko arauen aldaketari ekingo dio udalak.

01·10·2021


Hasieraz eta aho batez onartu dute, iraileko osoko bilkuran, Zapategi industrialki garatzeko udalak, Gureak-ek, Balferrek eta Michelinek adostutako hirigintza hitzarmena. Ohiko prozedurari jarraiki, jendaurrean jarriko dute hitzarmena GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, alegazioak jartzeko 20 laneguneko epea irekiz. Halakorik balego, horiek jaso eta aztertu ondoren, plenoak eman beharko dio behin betiko onespena hitzarmenari, alkateari hitzarmena sinatzeko ahala emanez.

Hilaren 24ko prentsaurrekoan azaldu zuten udalak, Gureak-ek, Balferrek eta Michelinek Zapategi industrialki garatzeko akordioa lortu zutela. Akordio honek 2018ko urrian udalak, Gureak-ek, Elkar Fundazioak eta Michelinek adostutako hitzarmena indargabetu eta ordezkatuko du. Dena den, orain onartutakoa jatorrizkoarekiko desberdina denez, berriz hasi beharko du udalak arauen aldaketarekin. Atzo hitzarmena hasieraz onartu zutenez, arauen aldaketari ekin ahal izango dio udalak: Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak aurreratu zuenez, asmoa da azaroko osoko bilkurara eramatea arauen aldaketarako lehen dokumentua hasieraz onartua izan dadin.

Covid19ak eragindako krisiak behartu zuen Elkar proiektutik ateratzera. Osasun krisiak gogor jo zuen euskal kultura, Elkar bera, eta hori izan zen akordiotik kanpo gelditzeko arrazoia. Izatez, osasun krisiak orokorrean baldintzatu du testuinguru sozioekonomikoa, eta, hori dela eta, garaiari egokitutako hitzarmena adostu dute, ekonomikoki bideragarriagoa izan dadin. Honakoak dira akordioaren gakoak:

  • Eremu osoaren azalera: 114.757,86 metro2 dira.
  • Kontsolidatu egiten du Michelinek erabiltzen duen lurzorua, pneumatikoak fabrikatzeko erabiltzen dena: 70.096,39 metro2 hartzen ditu area horrek. Hirigintza eraikigarritasuna 46.592 m2 dira.
  • Beste arean kokatuko dira Gureak eta Balferren bidez etorriko den enpresa (edota enpresak). 50.164,32 metro2 dira. Hirigintza eraikigarritasuna 32.965 m2.
  • Aurreko proiektuarekin alderatuz, nabarmen murriztu dira eraikigarritasuna eta karga urbanistikoak.
  • Erabilera industrialerako eremua izango da.
  • Hitzarmenean oinarrizko hirigintza zehaztapenak jasotzen dira, gero Arauen Aldaketa Puntualarekin garatuko direnak. Oinarria oso ondo zehaztuta geratzen da.
  • Ez da poligono industrial itxia izango: trama urbanoan integratuko den espazioa izango da. Erabilera desberdinak bildu nahi ditu, pertsonen joan-etorria bultzatzen du, irisgarritasuna eta genero ikuspegia aintzat hartzen ditu, eta baliabide naturalak modu harmonikoan zaintzen ditu. Espazio pribatua eta publikoa orekatzeko ahalegina ere egin da.
  • Hitzarmenean zehaztuta utzi dute zenbatekoa izan behar duen %15aren lagapenak, komunitateak hirigintza ekintzak sortutako gainbalioetan duen partaidetzagatik. Hala, Lurzoruaren Legea oinarri, eta kontuan izanik ezin zaiola udalari adjudikatu partzela eraikigarri baten jabari osoa, eskudiruzko ordainketa egingo da lagapenaren ordez. Lagapenaren zenbatekoa 861.189 € izango da.
  • Halaber, urbanizazioaren mantenurako Kontserbazio Junta bat osatzea ere adostu dute, 20 urterako.

Gureak-en ondoan zein enpresa joango den oraindik ez da ezagutzen. Solaberrietak jakinarazi zuenez, Balfer kontaktuak egiten ari da, baina oraindik ez du erabakirik hartu. “Dena den, jarduera industrialerako eremua izango da eta kontuan izan beharko du Gureak, bateragarria izan. Hau da, ez da jarduera arriskutsurik izango”.