Publicador de contenidos
Atrás Hasi dira Zumartegiko ibaiertza berreskuratzeko lanak
27·07·2023
Hasiko dira Zumartegiko ibaiertza berreskuratzeko lanak. Lehenengo, ibaiertza garbituko dute: besteak beste, landare inbaditzaileak kenduko dituzte. Horren ostean, urbanizazio lanak egingo dituzte.
Urbanizazio lanei dagokienez, batetik, ibaiertzeko aparkalekuak kenduko dira, zati handi batean, oinezkoentzako bide berri bat egiteko. Bestetik, oinezkoen egungo bidea kendu eta ibaiertzeko basoa berreskuratu eta zabaltzeko lanak egingo dira. Azkenik, ibaiertza berreskuratu eta uholdegarritasun arriskua murrizten lagunduko duten bioingeniaritza lanak ere gauzatuko dira. Ibaiertzetik gertu, gainera, bidexka berriak egingo dira, errioarekiko lotura bultzatzeko.
Azken hilabeteetan bitan atera da proiektua lizitaziora, eta bietan hutsik gelditu da. Gauzak horrela, proiektua gauzatuko dela bermatzeko, zatika egitea erabaki du udalak. Proiektua gauzatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Ihoberen dirulaguntzak jaso ditu udalak: guztira, 155.000 euro.