Publicador de contenidos

Atrás HarEman programan parte hartzeko izen-ematea, martxan

Usurbilera bizitzera etorritako pertsonei herria eta herritarrak bertan errotutako pertsona baten bidez ezagutzen laguntzea da HarEman programaren helburua. Bakarka ez ezik, taldean parte hartzeko aukera dago, Zabalduz kooperatibaren laguntza profesionalarekin.

16·01·2026


Udalak HarEman programan parte hartzeko izena emateko epea ireki du. Programa honen bidez, Usurbilen errotutako herritarrak eta herrira iritsi berriak elkartzen dira, lehenengoek bigarrenei herria eta herritarrak ezagutarazteko helburuarekin: martxan jarriko den hirugarren aldia da honakoa. 2023ko udazkenean abiatu zuen lehenengo aldiz programa hori, eta modu iraunkorrean eskaintzea da udalaren asmoa. Udalak bideo sorta bat argitaratuko du datozen asteetan, gaurtik hasita, herritarrak izena ematera animatzeko.

Udalak Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatiba kontratatua du HarEman programa koordina dezan. Parte hartzen duten boluntarioen artean bi multzo bereizten dira: mentoreak, herrian errotutako pertsonak, eta mentoratuak, beste nonbait jaio eta Usurbilera bizitzera etorritakoak. Izena ematen dutenen soslaiak aztertuta osatzen ditu bikoteak Zabalduz-ek, hainbat aldagai kontuan izanda. Bikoteak osatutakoan, astean behin elkarrekin gelditzeko konpromisoa hartzen dute, bien artean adostutakoa egiteko (paseo bat eman, kafe bat hartu, herria erakutsi...). Harremana eraiki bitartean Zabalduz-en laguntza profesionala izaten dute, sei hilabetez.

Programa martxan jarri den bi aldietan izandako balorazio onak bultzatu du udala programarekin jarraitzera: partaideek adierazi ohi dituzten esperientziak dira horren erakusgarri. Hain zuzen ere, HarEman programa eta esperientzia horiek ezagutarazteko lau bideo argitaratuko dira datozen asteetan, gaurtik hasita. Lehenengo aldian, 2023ko udazkenean, hamar bikote osatu ziren, eta, iaz, bost.

Harrera herri izateko ahaleginean

Azken urteotan udalak hainbat lan egin ditu Usurbil harrera herri izateko ahaleginean, Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen lan-ildoari jarraituz. Bi eremutan egin da lan: udal barruan eta komunitatean. Udalari dagokionez, egindako lanaren emaitza dira, besteak beste, Aniztasun Kontseiluaren sorrera, Emakumeon Etxean eskaintzen den harrera zerbitzua, atzerritartasun gaietarako aholkularitza juridikoaerroldatzearen garrantzia azaltzeko eskuorria edo baliabideen gida berritu eta oinarrizko hiztegi bat sortu izana.

Udalak egin dezakeena “asko izan arren, ez da aski”, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatearen hitzetan, eta horregatik egin da komunitateari lotutako lanketa: “Komunitateak zeregin eta zeresan asko du, eta hori da, hain justu, HarEman proiektuaren bidez egituratu nahi duguna”.

Izena emateko:

hareman@zabalduz.eus

722 446 156

Programaren eskuorria (PDF): hemen.