Publicador de contenidos
Atrás HAPOaren alegazio epea hilabetez luzatzea erabaki dute, aho batez, osoko bilkuran
27·01·2023
Urriaren 13ko ezohiko osoko bilkuran hasieraz onartuta, Usurbilgo HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren jendaurreko epea hilabete luzatzea erabaki dute, aho batez, urtarrileko osoko bilkuran. Hasierako onarpena eman ziotenean, jendaurrean hiru hilabetez jartzea onartu zen, eta urtarrilaren 31n amaitzekoa zen epe hori. Hiru hilabeteko tarte horretan, ordea, opor garaia ere egokitu denez, alegazioak aurkezteko epea hilabete luzatzeko proposatu du udal arkitektoak, eta udalbatzak oniritzia eman dio.
HAPOa jendaurrean jartzearekin batera, udalak HAPOaren eduki nagusiak ezagutarazteko kanpaina egin zuen. Besteak beste, aldizkari monografikoa bidali zuen etxez etxe eta erakusketa ibiltariak jarri zituen, hiru aurkezpen publiko antolatzearekin batera; eduki horiek guztiak udalaren webgunean ere jarrita daude. Horrekin batera, HAPOa bera hainbat erakunde, udalerri eta talderi helarazi zaie, dagozkien txosten sektorialak egin ditzaten. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez, epea luzatzeak ez dakar atzeraldirik dokumentuaren tramitazioan: izan ere, txosten horiek guztiak jaso eta ezartzen dituzten baldintza guztiak bete arte dokumentua ezin da behin betiko onartu. Haren esanetan, txosten horiek iristen ari dira, “pixkanaka”, eta guztiak iritsi bitartean, alegazioak aurkezteko aukera ematea proposatu eta onartu dute.