Publicador de contenidos
Atrás HAPOak jasotako alegazioak ebatzi dituzte, osoko bilkuran
28·06·2024
HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren tramitazioak beste urrats bat egin du ekaineko osoko bilkuran, izan ere, jasotako 41 alegazioak ebatzi dituzte. Orain, erantzunen berri emango zaie alegazioak egin dituztenei, eta tramitazioak ohiko bidetik jarraituko du: onartu diren alegazioak eta administrazioetatik jasotako txosten sektorialak dokumentuan txertatzea izango da hurrengo pausoa.
Usurbilgo HAPOari 2022ko urriaren 13ko ezohiko osoko bilkuran eman zitzaion hasierako onespena. Jendaurrean jarri zen, 2023ko urtarrilaren 31ra arte, baina epea amaitu aurretik jendaurreko epealdia beste hilabete batez luzatzea erabaki zen, 2023ko otsailaren 28ra arte. Jendaurreko epean 39 alegazio jaso dira, eta beste bi, epez kanpo: guztiak erantzun dituzte, hala ere. 41 alegazioak kontuan hartuta, 135 eskaera egin dira guztira, eta banan-banan bozkatu dituzte ekaineko osoko bilkuran: 70 onartu dira osorik edo partzialki; 48 ez dira onartu; 14ren kasuan ebatzi da egindako eskaera HAPOaren eskumena ez denez, ez dagokiola udalari alegazio horri erantzutea; biren kasuan, eskatu bezala, HAPOko espedientean interesatutzat jotzea erabaki da; azkenik, bati erantzun zaio udalak Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren aldeko txostena jaso duela.
Jasotako alegazioek hainbat gairi egin diete erreferentzia, besteak beste, mugikortasunari, auzoei, industria eremuei edo lurzoru urbanizaezinei. Alegazioen egileei erreparatuta, 30 partikularrek eginak izan dira, eta gainerakoak elkarte, enpresa eta abarrek eginak.
Osorik zein partzialki onartutako eskaerak HAPOaren dokumentuan txertatuko ditu orain udalak, beste administrazioetatik jasotako hamasei txosten sektorialetatik eratorritakoekin batera. Dokumentu horrek osoko bilkuraren onarpena jaso beharko du, behin-behinekoa, eta orduan Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduko Batzordera bidaliko da, hark onar dezan. Batzordeak egiten dituen eskaerak aintzat hartu beharko dira, eta horren ostean emango zaio behin betiko onarpena: dena den, azken onarpen hori ematea aldundiari dagokio, eta ez udalari, Usurbilek 7.000 biztanle baino gutxiago dituelako.
Onarpen fase guztiak gaindituta, indarrean sartzen denean, HAPOak gaur egun indarrean dauden arau subsidiarioak ordezkatuko ditu. HAPOa hirigintza-plan bat da. Udalerriak etorkizunean izango duen antolamendua zehazteko tresna da, izan ere, udalerriko lurzoruen erabilerak arautzen ditu, eta, besteak beste, ingurune naturala, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, jarduera ekonomikoa edota ekipamenduen gaietan eragin zuzena du.