Publicador de contenidos
25·10·2021
Euskara Aholku Taldeak hitanoaren ezagutza eta erabilera indartzeko hainbat ekintza egitea erabaki du, Hikaratu, beldurrik gabe! lelopean. Aste honen hasieran iragarri zuten hitanoaren inguruko ikastaroa, eta, horrez gain, beste zenbait ekintza antolatzea aurreikusi dute: Hikalagun dinamika sustatzea edo gazteekin lanketa berezia egitea. Horrez gain, gainera, Euskararen Egunerako, abenduaren 3rako, egitarau berezia prestatzen ari direla iragarri dute, hori ere hitanoaren bueltakoa.
“Herritarrak hikaratu nahi ditugu. Alegia, beldurrik gabe hika aritzeko gonbita egin. Aspaldiko nahia dugu halako dinamika bat sortzearena. Herritar ugarik esan digute ikasi nahi dutela edo inguruan entzun badute ere egiteak lotsa edo beldurra ematen diela; izan ere, transmisioan izugarrizko etena egon da, eta gure aiton-amonen garaian ohikoa zena, egun gero eta ezohikoagoa da. Esparru askotan erabil liteke, arauak ez baitaude idatzita, baina uste dugu, esaterako, lagunarterako tratamendu aparta dela, jolastia, gertukoa. Euskararekin gozatzeko beste aukera bat da. Are gehiago, tokiko aldaera daukagu, eta beronen ezaugarriak ere ezagutaraztea garrantzitsua da”, nabarmendu du Oxkar Santamaria Euskara zinegotziak.
Uda osteko lehenengo bilera hil honen hasieran egin zuen taldeak, eta hor erabaki zuten, besteak beste, hitanoari bultzada emateko ekintzak antolatzea. Talde horren bueltan batu dira, besteak beste, udala, Noaua! Kultur Elkartea, Etumeta euskaltegia, Udarregi ikastola eta hainbat herritar. Taldeko zenbait kidek argazkia atera dute, eta, horrez gain, Ainara Azpiazu ‘Axpi’ ilustratzaileak Hikaratu, beldurrik gabe! kanpainarako egindako irudia ere aurkeztu dute.
Hikaren ezagutza eta erabilera sustatzeko, batetik, hitanoaren inguruko ikastaroa antolatu dute: “Zerotik abiatzen direnentzako hikaren oinarriak lantzeko aukera paregabea izango da”, azaldu du Santamariak. Gogoratu duenez, azaroaren 2tik 30era bitartean izango dira eskolak, eta izena emateko epea zabalik dago: kultura@usurbil.eus helbidera idatzita edo 943 37 19 99 telefonora deituta egin daiteke. Herriko Etumeta euskaltegiko Rosa Zubeldia izango da ikastaroko irakaslea, eta udaberrian egindako ikastaroaren ildotik antolatu dute oraingo ikastaroa ere, azaldu duenez: “Hika ikastaroan toka eta noka landuko dira, baina arreta berezia jarriko zaio nokari. Teoria eta praktika uztartuko ditugu saiootan”.
Bestetik, Hikalagun dinamika sustatu nahi dute. Horren bidez, bi figura elkartu nahi dituzte: hika moldatzen direnak eta hika aritzeko prest bai baina laguntza behar dutenak. “Elkar ezagutu eta elkarri lagunduta, beldurrak uxatzen hasteko aukera izango da: horregatik egin nahi diegu deia hika menperatzen duten horiei, garrantzitsuak baitira hika aritu nahi dutenei erakusteko”. Izatez, hikalagun izateko izen-ematea ere ireki dute: usurbil@aek.eus era mezu bat bidalita edo 607 609 379ra deitu edo idatzita egin daiteke.
Horrez gain, herriko gazteekin lanketa egin nahi dute, eurei ere tresnak eta baliabideak emateko, “pixkanaka, hikaratu daitezen”. Kanpainaren laugarren hanka Euskararen Egunerako prestatzen ari direna da, baina aurrerago emango dituzte xehetasun gehiago.