Noticias
Atrás

Gudalekuak garbitu eta berreskuratzeko auzolanerako deia egin du Usurbil 1936 elkarteak

Arkeologo talde bat kontratatu du, berreskuratze lanak gida ditzan. Ekainean egingo dituzte lanak, Andatzan, eta auzolanerako bi egun ere prestatuko dituzte, herritarrek ere parte har dezaten. Laguntza eskatu dute, indusketarako materialak mendira igo ahal izateko.

25·05·2022


Gudalekuak garbitu eta berreskuratzea izango da Usurbil 1936 Oroimen Historikoaren elkartearen ekaineko zeregin nagusia, eta lan horretan laguntzeko auzolan deialdia egin dute. Jakinarazi dutenez, bost gudaleku dituzte identifikatuta Andatzan: bostak garbitu eta txukunduko dituzte, eta plaka bana jarri. Lan horiek arkeologo talde batek gidatuko ditu, baina pare bat egunetan herritarrek ere parte har dezaten nahi dute: laster iragarriko dituzte auzolanerako egunak.

Memoria historiko ahalik eta osatuena xede

Ion Martin Usurbil 1936 elkarteko kideak gudalekuak berreskuratzearen garrantzia nabarmendu du. “36ko gerrak Usurbilen utzitako ondorioak ikertzen gabiltzala, guretzat garrantzitsua da fusilatuak, erbesteratuak, atxilotuak... zeintzuk izan ziren identifikatzea eta ezagutaraztea, dagokien aitortza eta erreparazioa eman ahal izateko. Baina harago ere joan nahi dugu, 36ko gerran faxistak herrira sartu zirelako, baina ez zirelako besterik gabe sartu. Erresistentzia topatu zuten bidean, hainbat gudaleku egon ziren, eta horiek ere ezagutarazi nahi ditugu, gure memoria historikoa ahalik eta osatuena izan dadin”.

Ekainaren 1etik 30era bitartean, gudalekuen berreskuratzeak bi zati izango ditu. Batetik, arkeologo talde bat kontratatu dute: egunero joango dira Andatzara, ekainean. Bestetik, auzolanerako deia ere egin dute, herritarrek ere parte hartzeko aukera izan dezaten. Laguntza eske berezi bat ere egin dute. Izan ere, bost gudalekuak Andatzako lurretan daude, eta materialak mendira igotzeko auto handiak behar dituzte. Auzolanerako zein materiala igotzeko prest dauden herritarrei eurekin harremanetan jartzeko eskatu diete, usurbil1936@gmail.com helbidera idatzita.

Dokumentazioak esaten ez dituenak argitzeko

Lau lagunek osatzen dute Andatzako gudalekuen berreskuratzea gidatuko duten taldea. Hiru arkeologok (Pako Gomez Diez, Ada Richaud eta Aitziber Gonzalez) eta 36ko gerran aditua den historialari Xabier Herrerok. Gomezek azaldu duenez, udazkenaz geroztik ari dira Usurbil 1936 elkartearekin elkarlanean, gudalekuak berreskuratzeko proiektua gauzatu eta gauzatu ahal izateko baimenak eskatzeko.

Gomezen arabera, 36ko gerrak dokumentazio ugari utzi bazuen ere, halako informazioek “ez dute guztia esaten”, eta, horregatik, beharrezkotzat jo du gudalekuak arkeologikoki aztertzea, “gudak sortutako argi-itzalak argitzeko”.

Metodo arkeologikoaren bidez aztertuko dituzte bost gudalekuak, Gomezen esanetan. “Aztarna materialen bidez, hau da, objektuen edo eraikinen bidez, iragana aztertzen eta berritzen duen zientzia da metodologia arkeologikoa. Beraz, espero dugu 1936ko udan izandako guduen aztarnak topatzea, gertatutakoak ikertu eta hobeto ezagutzeko”.

Lehen-lehenik, gudalekuen inguruko landaredia eta sastrakak kendu, eta garbiketa arkeologikoa egingo zaie. “Ezinbesteko urratsa da egituren balorazioa eta dokumentazioa egin ahal izateko: fase horretan, boluntarioen parte-hartzea ezinbestekoa izango da, betiere, arkeologo batek gainbegiratuta”. Ondoren, lubaki guztien dokumentazioa ere landuko dute: “Proiektu honen behin betiko memorian, erabiltzeko materiala emateaz gain, dibulgaziorako eta hezkuntzarako baliabide grafiko garrantzitsuak sortuko ditugu”.

Lubakietako bat aukeratu eta indusketa integralago bat egingo dute, eta lan hori talde teknikoak egingo du, ia osorik, baina auzolan deialdia ere egingo dute zeregin horretarako. Jutezko zaku batzuk jarriko dituzte, lubakiaren egitura sendotu eta babesteko.

“Eguneroko inurri lan izugarria”

Duela bi urte ekin zioten, Usurbilen, 36ko gerrak herrian izandako ondorioak aztertzeko bideari, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak gogoratu duenez. Ordutik egindakoak nabarmendu ditu: “Esango nuke bi urte ez direla alferrik pasatu: Usurbil 1936 Oroimen Historikoaren elkartea sortu da, eta egiten ari den lan eskerga nabarmendu nahiko nuke”.

Elkarteak hiru aitortza ekitaldi egin ditu, orain arte: lehena, iaz, tropa faxistak Usurbilen sartu zireneko 85. urteurrenean, eta aurten beste biak, Aginagan eta Meagan. Ekitaldi horien beharrezkotasuna nabarmendu du Solaberrietak: “Guretzat, ez dira ekitaldi arruntak. Hainbeste urtetan ezkutuan egon den errealitate bat azaleratu eta ezagutarazteko balio dute halakoek, baita gerraren alderik krudelena euren haragitan bizi izan zutenei aitortza eta erreparazioa egiteko ere”. Elkarteak egiten duen lanaren zati handi bat, ordea, oharkabean pasa daitekeela ohartarazi du. “Eguneroko inurri lan izugarri hori oharkabean pasa daiteke, eta uste dut merezi duela aipamena egiteak, eta, udal ordezkari gisa, eskerrak eman nahi dizkiot elkarteari, egiten ari den lan eskergagatik”.

Usurbilgo gudalekuak berreskuratzearen garrantzia ere nabarmendu du Solaberrietak. “Gure iruditeria historiko eta kolektiboan, Gernika, Durango, Intxorta, Bilbo... datozkigu tropa faxisten erasoaldi basatiez aritzean, baina gutxi dakigu gure herrian, Usurbilen, egun horietan izan ziren gerra fronteez, borrokez, zaurituez, hildakoez edota errepresaliatuez. Toki mingarri horiek identifikatu, aztertu, ikertu eta oroimen leku bihurtzeko lanketa, beraz, ezinbestekoa da ere memoriaren berreskurapenaren egiteko honetan, gaurko eta biharko belaunaldiok gertatutakoa ezagutu eta ahanzturara kondena ez dezagun”.

Solaberrietak nabarmendu duenez, zeregin horretan giltzarria izan da iazko abenduan Usurbilgo Udalak eta Usurbil 1936 elkarteak sinatutako hitzarmena, “proiektua kontsolidatu eta are gehiago indartu eta lankidetzari jarraikortasuna, segurtasuna eta eraginkortasuna eman asmoz”. Hiru urterako hitzarmena sinatu zuten: udalak, guztira, 96.000 euro bideratuko ditu proiektura, eta elkarteak urte bakoitzean egin beharreko lanak ere zehaztu zituzten hitzarmen horretan.