Publicador de contenidos

Gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina, martxan

Aurten 18 urte betetzen dituzten gazteek gutuna jasoko dute etxean, gidabaimena euskaraz atera dezaten. Azterketa euskaraz egin eta gainditzen dutenen artean 400 euro inguruko 10 sari zozketatuko dira datorren urtean. Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak egitasmoarekin bat eginda, ikasketa errazteko baliabide berriak daude eskuragai.

2024·05·29


Buruntzaldeako sei udalok (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil), eskualdeko autoeskolekin batera, euskararentzat hain arrotza izan den arlo honetan euskararen erabilera sustatzen aritu gara 2010z geroztik, eta horretan jarraitzen dugu.

2024a, gainera, berrikuntzekin dator. Gidabaimenak euskaraz egitasmoa jarri du martxan Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Egitasmoan gidabaimenen atal teorikoa euskaraz prestatu eta egin ahal izateko aukera ematen du, eskuliburu teorikoetatik hasi eta azterketa egiteraino. Ikasleak nahi duenean eta nahi duen tokian ikasteko aukera izango du: mugikor zein ordenagailu bidez egin daitezkeen testak, eskuliburu digitalak izango ditu, azalpen bideoak…

Eskuliburuak erabiltzeko eta deskargatzeko proiektuarekin bat egin duen autoeskolaren batean izena emanda egon behar du ikasleak. Ikasleak berak aukeratzen duen autoeskolak emango dio sarbiderako erabiltzailea eta pasahitza.

Urtero bezala, egun hauetan 18 urte betetzen duten gazteak etxean jasotzen ari dira gonbidapena gidabaimena euskaraz atera dezaten. Aurten azterketa euskaraz egin eta gainditzen dutenen artean 400 euro inguruko 10 sari zozketatuko dira datorren urtean.

Parte hartzeko eskualdeko honako autoeskoletako batean eman behar da izena:

  • Andoainen: Bengoetxea eta Vallina Cap
  • Hernanin: Hernani, Lagunak eta Otamendi
  • Lasarte-Orian: Mugica eta Vallina Cap.
  • Urnietan: Solozabal
  • Usurbilen: Solozabal

Ekainaren 14an zozketatuko dira 2023ko sariak Usurbilen, urte horretan gidabaimena euskaraz atera zutenen artean; 8 sari guztira.