Publicador de contenidos

Atrás Gidabaimena euskaraz ateratzeko gonbidapena jasotzen ari dira aurten 18 urte dituzten Buruntzaldeko gazteak

2010ean jarri zuten martxan gidabaimena euskaraz ateratzeko ekimena Buruntzaldeko sei udalek, eta ordutik 1.252 lagunek parte hartu dute. Aurten azterketa euskaraz egin eta gainditzen dutenen artean 400 euro inguruko zortzi sari zozketatuko dituzte.

08·06·2023


Buruntzaldeko sei udalek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil), eskualdeko autoeskolekin batera, euskararentzat hain arrotza izan den arlo honetan euskararen erabilera sustatzen aritu dira 2010z geroztik, eta horretan jarraitzen dute. Proiektua abian jarri zenetik 1.252 lagunek atera dute gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz, eta 2023. urte honetan ere garatuko da ekimena.

Horregatik, egun hauetan 18 urte betetzen duten gazteek etxean jasotzen ari dira gonbidapena gidabaimena euskaraz atera dezaten. Aurten azterketa euskaraz egin eta gainditzen dutenen artean 400 euro inguruko 8 sari zozketatuko dira datorren urtearen hasieran.

Parte hartzeko eskualdeko honako autoeskoletako batean eman behar da izena:

  • Andoainen: Bengoetxea
  • Hernanin: Hernani, Lagunak eta Otamendi
  • Lasarte-Orian: Mugica
  • Urnietan: Solozabal
  • Usurbilen: Solozabal