Publicador de contenidos
Atrás Gerra Zibilaren 80. urteurrena Usurbilen
Errepublikaren defentsan frontera joan eta bizia galdu zutenak eta kartzela, errepresioa edota atzerria pairatu zutenak gogoan izango dira.
06·09·2016
Datorren astean beteko dira 80 urte Francoren tropek Usurbil hartu zutenetik. Horren harira Aitzaga elkarteak hainbat ekitaldi prestatu ditu horrenbeste ondorio mingarri ekarri zituen jazoera gogoratzeko.
Orain hamar urte, 70. urteurrena bete zenean elkarteak antolatu zituen ekimenen artean orduan oraindik bizirik zeuden eta gerra zibilean protagonista izan ziren hiru herritar omendu zituen, Manuel Goenaga, Antonio Pello Aranburu eta Juan Mari Borda. Gogora ekarri zituen, baita ere, ondorio latzak jasan zituzten herritarrak. Haien artean, gerra hasi eta aste gutxietara fusilatuak izan ziren bost lagunak: Joxe Mari Furundarena Begiristain aginagarra, Juan Bautista Aginaga Otegi garaiko EAJko Gazte alorreko arduraduna, Kosme Yaguez Beristain Zubietako maisu zena, Patxi Aizpurua EAJko militantea eta Joxe Galarmendi kalezartarra, errepublikarra bera.
Era berean, errepublikaren defentsan frontera joan eta bizia galdu zutenak eta kartzela, errepresioa edota atzerria pairatu zutenak ere gogoan izango dira.