Publicador de contenidos

Atrás Gaurtik aurrera, maskara ez da derrigorrezkoa izango udal-ekipamenduetan

Aurrerantzean, osasun zentroetan eta garraio publikoan soilik izango da derrigorrezkoa maskara, zaurgarrienak babesteko.

20·04·2022


Espainiako Gobernuak gaur argitaratutako dekretuaren ondotik, maskara ez da derrigorrezkoa izango espazio itxietan. Beraz, gaurtik aurrera, ez da maskara derrigor jantzi beharko udal-ekipamenduetan. “Zaurgarrienak babesteko” helburuarekin, dekretuak bi salbuespen ditu: osasun zentroak eta garraio publikoa. Dekretuak 6 urtetik gorako herritarrei eragiten die.

Hala, Usurbilen, ez da maskararik jantzi beharko honako lekuetan: udaletxean, gizarte zerbitzuetan, kiroldegian, Sutegin eta Potxoenean. Garraio publikoan maskara jartzeko derrigortasunak Taxibusari eragingo lioke, kasu honetan. Dena den, gaixotasunen bat duten edo arnasteko zailtasunak dituzten herritarrei ezingo zaie maskara janzteko eskatu, janzteak egoera horiek are gehiago larritzen duen kasuetan.

Udaleko langileen kasuan, langile gisa ez daude maskara erabiltzera derrigortuta, eta herritarrei ere ezin diete jartzeko eskatu. “Dena den, jarri nahi duenak (izan langile edo herritar), noski, jartzeko eta horrekin eroso sentitzeko eskubidea du”.

Izan ere, maskararen derrigortasuna kendu badute ere, nahi duenak erabiltzen jarrai dezake, eta dekretuan maskara “erantzukizunez” erabiltzeko gomendatu dute. Publiko orokorrarentzako gomendioa bada ere, kasu zehatzen adibideak ere eman dituzte. Esaterako, Covid19arekin gaixotuz gero zaurgarritasun egoera handiagoa izan dezaketen pertsonen kasuan, maskara erabiltzea gomendatzen zaie, beste pertsona batzuekin 1,5m-ko distantzia baino txikiagoan denbora luzez egotea egokitzen zaien kasuetan. Espazio itxietan eta ekitaldi jendetsuetan ere erabiltzea gomendatu dute.

Dekretua deskargatzeko lotura: https://labur.eus/93hGa