Publicador de contenidos
Atrás Gaur abiatuko da ‘Goazen kalera!’ ekimena, Aginagan
20·01·2026

Goazen kalera! ekimenak 2026ko lehenengo saioa izango du gaur, Aginagan. Jubilatuek eta herriko ikastetxeetako ikasleek paseo bat ematen dute, astean behin, Usurbilgo kaxkoan, Aginagan, Zubietan edo Santuenean, txandaka. Astearteetan izaten dira hitzorduak, 10:30 eta 12:00 bitartean, eta Oinarrizko Lanbide Hastapeneko ikasleek prestatutako hamaiketakoa dastatzen dute, amaieran.
Herri zaintzailea izateko norabidean eta belaunaldi arteko harremana bultzatzeko helburua ditu Goazen kalera! Ekimenak. Astean behin elkartzen dira herriko jubilatuak eta ikasleak, gune desberdinetan txandaka. Paseoa ematea izaten da hitzorduon ohiko moldea, baina tarteka ekintza bereziak ere antolatzen dituzte edo ibilbidea egokitzen dute, esaterako, zaintzadun etxebizitzen auzune Egurtzegitik pasatzeko.
Urtarriletik abuzturako egutegia prestatu da, aurten. Udan ohikoa izaten da hainbat zerbitzu itxi edo etetea, ordutegiak aldatzea, denden ordutegiak murriztea, herria hustea... eta horrek adinekoengan sortzen duen bakardadea arintzeko eskaintza egin zen. Zaintza ekosistemaren barruko zerbitzuen lantaldeak eskaintza berri bat egitea proposatu zuen: ordura arte ez bezala, Artzabalgo Eguneko Arreta zerbitzua abuztuan ere eskaintzeaz gain, astean behin, paseo motz bat eman eta kafe baten bueltan tertulian aritzea proposatu zuten: harrera beroa izan zuen, 35 bat herritarrek parte hartu baitzuten saio horietan.
Hala, ekimenaren balorazio positiboa eginda, aurten ere errepikatzea erabaki da, eta, ikaslerik gabe bada ere, udako asteroko hitzorduak ezarrita daude, dagoeneko, egutegian.
Egutegi osoa (PDF): hemen.
