Publicador de contenidos

Atrás Gastroenteritis kasuek behera egin badute ere, Udalak prebentzio neurriei eusten die, behin betiko emaitzak izan arte

Gastroenteritisa zerk eragin duen aztertzen ari den lan taldeak gaur goizean bilera egin du, eta, behin betiko emaitzak astelehenerako espero dituzte. Gaixo kopuruak behera egin du nabarmen azken orduetan, eta badirudi okerrena pasatu dela. Edozein kasu, brotea zerk eragin duen argitu bitartean, Udalak eutsi egin die prebentzio neurriei, eta badaezpada ere, iturriko ura ez edateko aholkatzen die herritarrei.

05·02·2016


Gastroenteritis brotearen jarraipena egiten ari den lan taldeak gaur goizean bilera egin du. Lan talde horretako kideak honako hauek dira: Xabier Arregi Usurbilgo alkatea eta Jone Urdanpilleta zinegotzia, Marije Imaz Ikastolako zuzendaria, Juncal Artieda Gipuzkoako Osasun Publikorako Zuzendariordetzako Epidemiologia Unitateko ordezkaria, Tomas Plazaola Tolasa-Goierriko Osasun Publikoko eskualdeko koordinatzailea eta Mikel Aierdi uraren kalitatea neurtzeko Eusko Jaurlaritzak duen erakundeko ordezkaria. Gastroenteritisa zerk eragin duen aztertzen dabiltza, eta horretarako hainbat analisi epidemiologiko egin dituzte, baita kultiboak hartu ere. Azterketa horren emaitzak astelehenerako espero dituzte, eta eskuratu bezain pronto, agerraldi publikoa egingo du lan taldeak, horren berri emateko.

Egoera hobera egiten ari da pixkanaka-pixkana, izan ere, kasuak gutxitzen ari dira nabarmen azken orduetan. Okerrena pasatu dela dirudi. Ikastolan, esaterako, gaur 60 haur dira ondoezik etxean geratu direnak, asteartean, ordea, 180 izan ziren.

Edozein kasu, lan taldeak beharrezko ikusi du prebentzio neurriei eustea, eta atzoko bandoan aditzera eman bezala, Udalak herritarrei aholkatzen die iturriko ura ez edatea. Oraindik ez dago garbi zerk eragin duen brotea, baina badaezpada ere, urik ez edatea aholkatzen da.