Publicador de contenidos

Atrás Garbitaniak gidari biltzaileen eta peoi balioanitzen lan-poltsak handiagotzeko prozedurak abiatu ditu

Garbitaniak bi deialdien oinarriak, eskabideak aurkezteko orriak eta frogetarako gai-zerrenda argitaratu ditu. Izena emateko epea, bi kasuetan, otsailaren 24ra artekoa da.

07·02·2025


Garbitaniak bi lan-poltsa handitzeko prozedurak abiatu ditu: gidari biltzaileena eta peoi balioanitzena. Bi deialdien oinarriak, eskabideak aurkezteko orriak eta frogetarako gai-zerrendak argitaratu ditu. Biak ere otsailaren 6an zabaldu zituzten, eta otsailaren 24ra arte izango da horietan izena emateko epea.

Oinarrietan zehazten denez, Garbitaniari sor dakiokeen behin-behineko zein aldi baterako beharrak asetzeko egin dituzte bi lan-poltsak handitzeko deialdiak, eta hala badagokio, lanpostuak horrela eskatuko balu, behin betiko kontratazioak egitea ere posible izango da. Izangaiek bete beharreko baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa ere azaltzen da.

Horrez gain, deialdi batean zein bestean hautaketa prozesuak zein atal izango dituen jaso dute oinarrietan. Biek ere oposizioaldia eta lehiaketaldia izango dituzte, eta beharrezkoa izango da lehenengoa gainditzea bigarrengora pasatzeko.

Garbitaniak, eskabide guztiak jasotakoan, hamabost eguneko epea izango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda osatzeko. Inongo erreklamaziorik ez bada, behin betiko bihurtuko da. Oposizioko ariketak non, noiz eta zein ordutan egingo diren Garbitanaren webgunean argitaratuko da.