Publicador de contenidos
Atrás Foru Funtsaren murrizketek sortu dute eztabaida maiatzeko osoko bilkuran
29·05·2020
Gipuzkoako Foru Aldundiak Udal Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztuko die udalei, eta jada hasia da murrizketa horiek aplikatzen. Hain zuzen, erabaki horren inguruko bi mozio aurkeztu dituzte maiatzeko osoko bilkuran: bata, EH Bildurena, eta bestea, EAJ eta PSE-EErena. EH Bildurenak egin zuen aurrera. Bi mozio horien ingurukoa izan da saioan eztabaida gehien piztu duen puntua.
EH Bilduko zinegotzi Beñat Larrañagak nabarmendu du, EAJren eta PSEren mozioari erreferentzia eginez, udalaren eta aldundiaren arteko elkarrizketa mahai bat sortzea “oso ondo” dagoela, baina murrizketaren erabakia aldebakarrez hartu ostean egin dutela proposamena: “Mahaiek elkarrekin adosteko balio behar dute, ez aldebakarrez udalei finantzaketa mozteko”. Murrizketak osasun krisi betean egin izana kritikatu du: “Krisi sanitario eta ekonomiko erdian, udalak badira herritarrengandik gertuen daudenak eta neurri gehienak aplikatzen ari garenak, beharrik handiena dugun unean murriztu digute finantzazioa”. Larrañagak azaldu duenez, Usurbilgo Udalari 4.400.000 euro jasotzea zegokion foru funtsetik: “Eskubide hori aitortua zegoen, baina, aldebakarreko erabakiarekin, urte bukaerarako, 900.000 euro gutxiago emango dizkigute”. EH Bilduko zinegotziaren esanetan, aldundiak erabaki hori hartu eta exekutatu aurretik, itxaron egin behar zuen, datu zehatzagoak izan arte, eta orduan aplikatu murrizketa: “Martxoaren 31ra arteko datuekin egin dute murrizketa: jakina da momentu horretarako, Covid 19aren eraginez, zerga bilketa kaltetua izan zela, baina datuek diotenaren arabera, zergen murrizketa %10-12 bueltakoa izan da, ez %20koa”.
EAJko Josune Urkolak erantzun dio: “Horrela esanda, badirudi aldundiak hartutako erabakia inolako azterketarik egin gabe hartutakoa dela”. Urkolaren esanetan, aldundiak aurreikuspenak egiten ditu urtetik urtera, eta lau zatitan banatu dirua udalei: “Urtea amaitzean, likidazioa egiten da, eta aurreikusitakoa baino gehiago biltzen bada zergatan, gehiago ematen zaie udalei; gutxiago biltzen bada, udalek bueltatu egin behar izaten dute”. Urkolak 2011ko kontuen likidazioa ekarri du gogora: “2012an, krisi ekonomiko betean geundenean, diru mordoa bueltatu behar izan zuten udalek, euren egoera askoz okerragoa zenean. Gaur egun, Usurbilgo Udalaren egoera nahiko osasuntsua bada, uste dut honi guztiari aurre egiteko gai izango garela”.
Larrañagak erantzun dio ez duela esan murrizketarik egon behar ez duenik, egiteko modua izan dela desegokia. “Zergatik %20ko murrizketa, zergen jaitsiera %12 izan bada? Zergatik aplikatu da murrizketa, dagoeneko, bigarren hiruhilekoaren ordainketan? Zergatik ez dute itxaron 2021era, datu zehatzagoak esku artean izan eta aipatu dituzun egokitzapen horiek egiteko?”.
Kontu hartzaileak ere parte hartu du maiatzeko osoko bilkuran. Lehenik eta behin, nabarmendu du du udalaren egoera ekonomiko ona izatearen garrantzia: “Eskerrak hala den, bestela, asko kostatuko litzaioke udalari halako kolpe bati aurre egitea”. Kontu hartzailearen esanetan, 2011n ez ezik, 2009an eta 2010ean ere udalek dirua itzuli behar izan zioten aldundiari: “Baina, kasu guztietan, urtea bukatu eta gero itzuli zuten, likidazioa egin ostean. Oraingo hau salbuespenezkoa da: ez dago foru arauan aurreikusia, eta presaz egiten ari da”. Kontu hartzaileak nabarmendu zuen, teknikari den aldetik, “neurriz kanpokoa” dela aldundiak hartutako erabakia: “Likidazioa egindakoan ikusiko da, benetan, murrizketa zenbatekoa izango den: murrizketa orduan egin beharko litzateke, orduan egitea litzateke zilegi. Orain, udalak neurriz kanpo zigortzen dituen neurria da”. Haren esanetan, Gipuzkoako Aldundiak aste honetan argitaratutako datuen arabera, zerga bilketa %12,1 murriztu da.