Publicador de contenidos
Atrás Fiskalizazio txostenaren eta ekintza planaren berri eman da, osoko bilkuran
01·12·2025

Udala bere buruari barne-auditoretzak egiten hasi da, eta, horren erakusgarri, fiskalizazio txostenaren eta ekintza planaren berri eman da, azaroko osoko bilkuran. 2018ko foru arau bat dago oinarrian, udalek, urtero, barne auditoretzak egiteko betebeharra ezartzen duena. 2024ko maiatzeko osoko bilkuran berri eman zenez, orain arte ez da halakorik egin Usurbilgo Udalean, baina aurrerantzean bere jardunaren parte izango da.
2023ko kontuak aztertu dira, udalak aurrez “arrisku maila handiko” gisa identifikatuak zituen bederatzi eremutan. Kontu hartzaileak azaldu duenez, ez dira eremu horietako espediente guztiak aztertu, lagin bat baizik. Legez kanpoko erabakirik topatu ez den arren, ikusitako gabeziak zuzentzeko gomendio batzuk egin ditu kontu hartzaileak, eta gomendio horiekin ekintza plana osatzen du alkateak, legez ezarritako prozedurari jarraiki.
Ekintza planean eremu bakoitzean neurri zuzentzaileak proposatu dira, baita horien arduradunak eta epeak ere, koordinaziorako eremuekin batera. Horrez gain, jarraipen batzordea eratuko da: martxoaren 31n jarraipen txosten bat egingo da, neurri zuzentzaileen lanketa zein puntutan dagoen kontu emateko, eta, azkenik, maiatzaren 15ean, ebaluazio txosten osoagoa helaraziko zaio udalbatzari.
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu duenez, garrantzitsua da udalak bere burua baloratzea, gardentasunez jokatzea eta hobetu daitezkeenak zehaztea: “Beti dago hobetzeko tarte bat: erakunde publiko bat garen heinean, gure jarduna hobetzeko bokazioa dugu, eta helburu hori du ekintza planak”. Neurrien dimentsio ezberdinez ohartarazi du: “Batzuk bi egunetan egiteko modukoak izan daitezke, baina beste batzuk ez”.
Josune Urkola EAJko zinegotziak inbentarioa urtero eguneratzeko eta kiroldegiko diru kontuetan dagoen arazoa konpontzeko beharra nabarmendu zuen. “Diagnostikoa egitea ondo dago, baina ekintza plana martxan jartzea ere inportantea da”, gaineratu zuen. Solaberrietak erantzun zion lantalde bat martxan dagoela: “Noiz konponduko den ez dakit esaten, baina horretan gaude, prozedurak zehazten, aldaketa handia baita. Ez naiz epe bat ematera ausartzen, baina ahalik eta azkarren egiten saiatuko gara”.
