Publicador de contenidos
Atrás Familiako baratzeetan lan egin daiteke, behar-beharrezkoa den denboran, betiere
17·04·2020
Covid19 birusak sortutako egoera dela eta, herritar askok galdetu dute ea baratzeetako lanak egin daitezkeen edo ez. Eusko Jaurlaritzak alarma egoerari buruzko irizpideak azaltzeko apirilaren 15ean igorritako agirian baietz dio, ordura arteko irizpideetan ez bezala. Halaxe dio, hitzez hitz:
Familiako baratzeetan lan egin ahal da?
Bai, baldin eta hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora baino hartzen ez bada. Horretaz gain, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira. Bigarren bizilekuan dauden baratzeak ez dira baimen honen barruan sartzen.
Elikagaiak jaso ahal dira, mantentze-lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurretiko prestaketa-lanak egin ahal dira, baita lurra landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere.
Lurzoruan bertan edo hor dauden instalazioetan (behin betikoak zein aldi baterakoak izan) ezin da inolako ekitaldirik edo ospakizunik egin.
Beraz, kontrakorik jakinarazten ez den bitartean, usurbildarrek familia baratzeetan lan egin dezakete.
Agerreazpiko udal-baratzeak
Agerreazpiko udal-baratzeetako erabilera arauak Eusko Jaurlaritzaren irizpide horietara egokitu ditu Usurbilgo Udalak. Hala, toki komunak itxita egon arren, txanda sistema bat ezarri du, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko; ohiko bideetatik jakinarazi zaizkie arau zehatzak.