Noticias
Atrás

Ezohiko maila oso altuak topatu dira kloruroetan, amonioan, konduktibitatean, eta DQOn Arkaitzerrekan

Lehengo astean isuri bat egon zen Arkaitzerrekan, eta udalak, aurrez egin bezala, laginak hartu zituen: gaur jaso ditu behin-behineko emaitzak. Lau elementutan, gutxienez, ezohiko mailak jaso dira, 2020ko maiatzeko isurian baino handiagoak. Gardentasun eta kontrol mekanismoak eskatu ditu Agurtzane Solaberrieta alkateak.

22·07·2022


Usurbilgo Udalak lehengo astean Arkaitzerrekan hartutako laginen behin-behineko emaitzak jaso ditu: ezohiko maila oso altuak jaso dira kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa). Zenbait konposaturen emaitzak jasotzea falta da oraindik, baina hiru elementu horien datuak nabarmentzeko modukoak dira.

Lehengo astean, uztailaren 13an, herritar batek abisua pasatu zuen, erreka ezohikoa den egoera batean topatu ostean; ezohiko apar eta kolorearekin. Horren ondotik, Donostiako eta Usurbilgo udaltzainak bertaratu ziren. Udalak laginak hartu zituen, eta gaur bertan jaso ditu emaitzak. URAk ere hartu zituen laginak.

2020ko maiatzean beste isurketa bat izan zen, eta orduan ere laginak hartu eta aztertu zituen udalak. Orduko hartan, amonio kontzentrazio oso altua topatu zen (62 miligramo/litroko), eta lehengo asteko laginak ia bikoiztu egin du kopuru hori (117 miligramo/litroko).

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatearen esanetan, datuak eskutan, lehen unetik izandako hipotesi nagusia isuriaren jatorria errauste plantan dagoela esan daiteke: “Hipotesi hau hala den edo ez baieztatu edo gezurtatzea beste batzuei dagokie: GHK-k eta diputazioak azalpenak eman behar dituzte. Izan ere, inguruan ez dago beste jarduera industrialik halako kutsatzaile maila eragin dezakeenik. Datuak oso kezkagarriak dira: 2020ko maiatzeko isurketak ehunka arrain hil zituen, eta ordukoekin alderatuz, oraingo datuak handiagoak dira”.

Hori dela eta, gardentasun eta kontrol mekanismoak eskatu ditu Usurbilgo alkateak: “Azalpenak nahi ditugu: isurketa zerk eragin duen jakin nahi dugu. Zer gertatu den jakin behar dugu konponbideak bilatu ahal izateko. Zein ondorio izan ditzakete halako isurketek gure osasunean eta ingurumenean? Zein neurri hartuko dituzte arduradunek berriro halakorik ez gertatzeko? Herritarron informatuta egoteko eskubidea aldarrikatzen dugu”.

Jakinarazi duenez, eskumenak dituzten beste erakundeei helaraziko dizkiete bildutako datuak, besteak beste, GHK eta Ura agentziari, baita Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen Sailari ere.

2020ko maiatzeko isurketen emaitzak:

2022ko uztaileko isurketen emaitzak (behin-behinekoak):