Noticias
Atrás

Eusko Jaurlaritzaren neurri berriak, gaurtik indarrean

Udalak antolatutako ekitaldiei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak hartu berri dituen neurriek urtezaharreko DJ gauari eragingo diote. Kiroldegian, hitzordu bidezko sistema berreskuratuko dute astelehenetik, eta aldagelen edukiera %50era jaitsiko da. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen gaurko bi emanaldiek bere horretan jarraituko dute, %60ko edukierarekin antolatu baitziren.

29·12·2021


Gauerdiaz geroztik, indarrean dira Eusko Jaurlaritzak hartutako azken neurriak. Udalaren ekitaldiei dagokienez, DJ gauari zuzenean eragingo diote neurriek. Izan ere, azken dekretuaren arabera, “2022ko urtarrilaren 28ra arte, beranduenez 01:00etan itxi beharko dute merkataritza-, gizarte- eta kultur jarduera guztiek, baita ostalaritza- eta jatetxe-establezimendu eta antzekoek ere”. DJ gaua 01:00etan hastekoa zenez, bertan behera uztera derrigortua dago udala. Horrez gain, kiroldegian hitzordu bidezko sistema berreskuratzea erabaki dute: hala egin beharko da astelehenetik aurrera.

Egunotarako antolatutako gainerako ekitaldietan ez da aldaketarik izango. Izan ere, azaroaren erdialdeaz geroztik, %60ra mugatua du edukiera udalak, bere kabuz, orduan izan zen Covid19-aren agerraldiaren ondorioz. Gauzak horrela, orduz geroztik antolatutako ekitaldi guztiak neurri hori kontuan hartuz egin dira, eta, beraz, gaur arratsaldeko Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bi emanaldiak neurri hori beteko du. Urtarrilaren 2tik 5era egingo den Gabonetako haur parkean ere bermatuko da.

Kiroldegiaren kasuan, bi aldaketa izango dira. Batetik, hitzordu bidezko sistema berreskuratzea erabaki dute, edukiera kontrolpean izateko modu bakarra delakoan. Astelehenetik, urtarrilaren 3tik, aurrera izango da hori, eta Internet bidez hartu beharko dute hitzordua erabiltzaileek. Oraingo honetan, ordea, aldaketa bat izango da: igerilekuan zein gimnasioan egunean bina txanda hartzeko aukera emango dute. Horrez gain, dekretuak hala aginduta, aldagelen edukiera %50era jaitsiko da.

Hurbilago elkarteak, bestalde, bertan behera utzi du abenduaren 31ko San Silvestre lasterketa.

Hona Eusko Jaurlaritzak agindutako azken neurri sorta, urtarrilaren 28ra arte indarrean egongo direnak:

  • Jarduera guztiak 01:00etan bukatuko dira.
  • Edukiera %60koa izango da barnealdeetan.
  • Ekitaldietan hauek izango dira edukiera orokorrak: gehienez 600 pertsona barrualdean eta 800 kanpoaldean.
  • Ostalaritzan, jatetxeetan, gaueko aisialdian, txokoetan eta gazteen lonjetan debekatuta dago zutik kontsumitzea. Bestetik, mahai bakoitzeko gehienez hamar pertsona elkartu ahal izango dira.
  • Barruko kiroletan, gehienez 10eko taldeak onartuko dira. Aldagelek %50eko edukiera izango dute.
  • Urtarrilaren 1ean eta 6an, establezimenduak ezin izango dira 08:00ak baino lehen zabaldu.
  • Urtezahar, Urteberri eta Erregeetako afarietan eta bazkarietan, hamar pertsona baino gehiago ez elkartzea gomendatzen da. Eta gehienez ere bi familia unitate ezberdinetakoak.