Publicador de contenidos

Euskaraldiarekin bat egin du Usurbilek

Herritarrak Euskaraldia prestatzeko lanetan parte hartzera animatu dituzte. Izan ere, boluntarioen sarea indartu nahi dute orain: lau taldetan banatu dituzte lanak.

08·10·2019


Usurbilek 2020ko Euskaraldirako izena eman du ofizialki: herritarren batzorde bat hasia da lanean dagoeneko, eta orain boluntarioen sarea indartu nahi dute. Izan ere, aurretik hainbat lan egin behar izaten dira, eta zereginen araberako lantaldeak osatzea erabaki dute; guztira, lau izango dira.

Lantalde bakoitzak modu autonomoan funtzionatuko du, nork bere erritmora, nahiz eta gero herri mailako batzordean bilduko diren. Batzorde orokorra bi hilabetean behin bilduko dela aurreikusi dute: batzuek eta besteek egindakoak kontatuko dizkiote elkarri bilera horietan, baita denei eragingo dieten erabakiak hartu ere.

Bai batzordea bai lantaldeak irekiak izango dira: hala, nahi duen orok parte hartu ahal izango du gustukoen duen taldean. “Euskaraldia girotzeko, boluntarioen sarea indartu nahi dugu. Lagunduiguzu ekimena herriratzen! Gustura hartuko zaitugu gure artean”, nabarmendu dute.

Hauek izango dira Usurbilgo lau lantaldeak:

Erakundeekin lan egingo duena. Herritarrez gain, erakundeek ere Euskaraldian parte har dezaten nahi dute antolatzaileek. “Herriko taldeek, eragileek, komertzioek, enpresek eta abarrek modu zuzenean parte hartu ahal izango dute Euskaraldian, Ariguneak sortuz. Ariguneak entitateek babestutako euskaraz aritzeko espazioak dira, eta horien sorrerak taldeetako hizkuntza-ohiturak aldatzen lagunduko du”. Talde honek herriko erakundeen mapa egingo du: lehentasunak jarri, eta Euskaraldia aurkeztu eta ekimena gauzatzeko laguntza eskainiko die.

Euskaraldia herriratuko duena. Kaleko ekintzak antolatu eta informazio mahaia jarriko du kalean, besteak beste. Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunerako ekintzak ere talde honek prestatuko ditu.

Komunikazioaz arduratuko dena. Euskaraldiko Usurbilgo webgunea eta sare sozialak kudeatuko ditu: albisteak sortu, antolatzen diren ekitaldien edo Euskaraldiaren beraren inguruko informazioa eman, eta abar.

Koordinatzen arituko dena. Kontu ekonomikoak eta barne-harremanen kudeaketaz arduratuko da, besteak beste.

 

Hurrengo datak:

Azaroak 6. 2018ko Euskaraldiak Usurbilen izandako eraginari buruzko emaitzak. Datuak herriz herri aztertzeko aukera eskaini zuen Soziolinguistika Klusterrak, eta Usurbilgo Udalak datuak bil zitzan eskatu zion. 2020Ko Euskaraldiaren berri ere emango dute, baita lantaldeetan izena emateko aukera eman ere. Potxoenean, 18:00etan.

Azaroak 12. Batzorde orokorraren bilera irekia. Potxoenean, 17:00etan.

Batean edo bestean laguntzeko prest daudenek, Internet bidez eman dezakete izena. Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero: usurbil@euskaraldia.eus.