Publicador de contenidos

Atrás Euskara errefortzu klaseetan izena emateko epea, irailaren 9tik 20ra

Behar baino euskara maila apalagoa duten 6 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeentzako doako saioak dira, eskolaz kanpo euskara barneratu eta sendotzeko modua izan dezaten. Urrian hasiko dira saioak. Ttakun Kultur Elkarteari esleitu zaio zerbitzua.

06·09·2024


Bueltan dira euskara errefortzu klaseak: udalak eta herriko hiru ikastetxeek elkarlanean bultzatutako saioak dira, doakoak, behar baino euskara maila apalagoa duten 6 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeentzat. 2023/2024 ikasturtean egin zituzten estreinakoz, eta emaitzarekin pozik, aurten ere saioak eskaintzea erabaki dute: izen-ematea astelehenean irekiko da, irailaren 9an eta irailaren 20ra arte izango da horretarako aukera. Saioak, berriz, urrian hasiko dira.

Eskolaz kanpo euskara barneratu eta sendotzeko beste espazio bat ematea izan da saioon muina. Duten adinean behar baino maila apalagoa duten ikasleek dute saiootan parte hartzeko lehentasuna: ahozkotasuna eta jolasa oinarri hartuta, astean bi saio izaten dira, ordu eta erdikoak.

Zerbitzua lizitatzeko prozedura egin du udalak udan, eta lehengo ikasturtean zerbitzua kudeatu duen Lasarte-Oriako Ttakun Kultur Elkarteak berak eskuratu du esleipena. Molde berean jarraituko dute lanean: ikastetxeek identifikatuko dituzte saiook baliogarri izango zaizkien ikasleak, eta parte hartzera gonbidatuko dituzte. Horrez gain, herriko ikastetxeetan eskolatuta ez daudenek ere parte hartu ahal izango dute, betiere mailaketa-probaren baitan. Izen-ematearen arabera, bospasei talde sortzeko premia egon daitekeela aurreikusi dute.

Izena emateko bideak: zerbitzuak@ttakun.eus / 650 45 93 54