Publicador de contenidos

Atrás Europatik aitortza

2025eko maiatzeko Udalberrin argitaratutako zutabea, Aniztasunaren eta Inklusibotasunaren Europako Hiriburuen sariketan Usurbilek zilarra lortu izanaz.

19·05·2025


Inklusibotasunaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburuen sariketan parte hartzea erabakia genuen udalean, eta gure sorpresa atseginerako, finalerako hautagai gisa izendatu gintuzten, bi kategoriatan: 50.000 biztanlez azpiko herri eta hirien kategorian eta etxebizitza inklusiboak sustatzen dituzten herrien zerrendan. Sari-ematea apirilaren 29an izan zen Bruselan, eta han izan ginen udal gobernuko ordezkaritza bat.

Ekitaldian bertan jakinarazi zituzten irabazleak, eta hara! Usurbili zilarrezko saria eman zioten, 50.000 biztanlez azpiko udalerrien kategorian: bultzatutako proiektuetan ikuspegi inklusiboa izatea eta parekidetasunean, harrera prozesuetan eta zaintzaren alorrean egindako lana goraipatu zituzten. Kategoria berean, Finlandiako Mariehamnek eskuratu zuen urrea, eta Italiako Settimo Torinesek, brontzea. 

Esan beharrik ez dago Europatik gisa honetako aitortza bat jasotzea oso garrantzitsua dela: Inklusibotasunaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburuen Sariketak Europako beste zonaldeentzat inspirazio iturri izan daitezkeen diskriminaziorik gabeko ingurune anitzago eta inklusiboagoak izateko egiten duten lana aitortu eta nabarmentzen die udalerri, hiriburu edota eskualdeei. Aniztasuna (sexu, adin, desgaitasun, LGBTIQ+ nortasun, erlijio edo sinesmen, edota jatorria) aberastasun eta berrikuntza iturri gisa sustatu, sistema eta politika inklusiboak bultzatu eta herritarrak nonbaiteko sentiaraztea ahalbidetuko duten praktika onenak aitortzea du helburu. 

Saria eskuratzean aipatu bezala, Usurbil herri txikia izanagatik ere, geure burua prestatzen ari gara XXI. mendeko gizarte honek dituen erronka kolosalei erantzuteko. Ezinbestekoa da datorren munduaz jabetzea, begirada altxatzea, egoerari aurrea hartzea eta geure buruak garai historiko honi aurre egiteko prestatzea, oinarri sendoen gainean, berdintasuna ardatz hartuta. Gure herriaren baliorik garrantzitsuena, hain zuzen, bere biztanleriaren konpromiso politiko, sozial eta ekologikoa da. Gaitasun handiko jendartea osatzen dugu. Horregatik, gure herriak duen sen eta indar komunitarioa dugu garaiko erronkei aurre egiteko lanabesik garrantzitsuena: argi dugu ziurgabetasun testuinguru honetan gure herriaren indartze komunitarioa dela gure ongizatearen berme nagusia. Eta, hain justu, horrek ahalbidetzen digu politika publiko ausartak eta eralda-
tzaileak, proiektu esperimentalak eta urratzaileak martxan jartzea, administrazioaren eta komunitatearen arteko etengabeko kolaborazioan oinarrituta.

Feminismoa, ingurumena, zaintza eta justizia sozialaren nozio sakona dira gure indar bektoreak. Udaletik rol ekintzailea izaten saiatzen gara, modu proaktiboan aritzen gara une oro, eta horren emaitza dira sariketa honetan saritu dituzten proiektuak: Usurbil herri zaintzailea izatea dugu zerumugan, eta horri jarraika ari gara harrera politikak garatzen, pertsona ardatz duen zaintza eredu berria martxan jartzen, etxebizitza proiektu inklusiboak eraikitzen edota emakumeen ahalduntzea ahalbidetzen duten espazio feministak irekitzen, Emakumeen Etxea, kasu.

Sari hau, beraz, Usurbilgo herri osoarena da, zuen konpromiso eta ekarpen komunitariorik gabe ezinezkoa zatekeelako. Mila esker eta zorionak!