Etxeko arretan lanean aritzen diren zaintzaileentzako formakuntza saioak eskainiko ditu udalak
10·03·2023
Usurbilgo Udalak etxeko arretan lanean aritzen direnentzako formakuntza saioak eskainiko ditu, pertsona ardatz duen zaintza ereduan sakontzeko trebakuntza jaso dezaten. Hiru urte dira udalak zaintza eredu berri bat eraikitzeko parte-hartze prozesua hasi zuenetik, eta aurten hasiko da eredu berri hori martxan jartzeko urratsak egiten: formakuntza saioak eskaintzea urrats horietako bat da. Zaintzaileek ikastaroan parte hartu ahal izateko baliabideak eskainiko dizkie udalak familiei, eta horren berri emateko gutunak bidaliko ditu datozen egunetan.
Zaintza ekosistema eraikitzearen helburu nagusia gaur egungo arreta eredua birformulatzea da, eta zaintzak pertsona ardatz duen arretaren ikuspegitik ematea. Eredu horrek adinekoen bizi-kalitatea lehenesten du, haien beharretatik eta lehentasunetatik abiatuta, eta, horretarako, funtsezkoa da pertsonak bere nahien arabera bizitzen jarraitzeko behar dituen zerbitzu eta arreta guztien koordinazioa eta parte-hartzea. Zaintzaren alorreko profesionalak pertsonan oinarritutako arreta ereduan trebatzeak mendekotasun egoeran dauden pertsonek zaintza duinak eta kalitatezkoak izatea du helburu, baita zaintzaileen lana duindu eta euren ongizatea bilatzea ere.
Nazaret lanbide heziketarekin elkarlanean eskainiko ditu ikastarook: apirila eta uztaila bitartean, profesionalen formakuntzarako bi orduko 13 saio eskainiko dizkie udalak etxeko arretan aritzen diren langileei. Saiook erabat doakoak izango dira, eta saioak egokitzen diren orduak euren lanorduetan badira, beste profesional batek ordezkatzeko aukera emango die udalak. Interesa dutenek udaleko Gizarte Zerbitzuetan eman dezakete izena ikastaroan parte hartzeko.
Ikastaroak profesionalen ezagutza, trebetasuna eta gaitasuna handitzea izango du helburu, eta hainbat eduki landuko dituzte. Batetik, etxean eta komunitatean pertsona ardatz duen arretaren ezarpenerako funtsezko elementuak identifikatu eta aplikatzen erakutsiko diete. Bestetik, pertsonen eskubideak identifikatu eta baloratzen ikasiko dute, mendekotasun egoeretan dauden pertsonei eskubide horiek bermatu ahal izateko. Horrekin batera, mendekotasun egoeran dagoen pertsona ezagutzeko estrategiak bereganatuko dituzte, baita egunerokoan euren autodeterminazioa sustatzeko tresnak ere. Aldi berean, zaintza behar dutenekin zein bere ingurukoekin komunikazio eraginkor eta afektiboa garatzen ikasiko dute. Azkenik, zaintzaileen zaintzari ere erreparatuko diote: nork bere burua zaintzeak mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko duen garrantziari erreparatuz.