Publicador de contenidos

Atrás Etxebizitzaren egoeraren inguruko aurkezpena, maiatzaren 7an

Udalak eskatua dio Eusko Jaurlaritzari Usurbil tentsio handiko etxebizitza-merkatuko eremu izendatzea. Eskaera hori egiterako osatutako etxebizitzen diagnostikoa zein hiru urterako ekintza-plana aurkeztuko ditu, maiatzaren 7an, Txirikordan.

24·04·2025


Udalak etxebizitzaren egoeraren inguruko aurkezpena antolatu du, etxebizitzen diagnostikoaren zein hiru urterako ekintza-planaren edukiak plazaratzeko: maiatzaren 7an izango da, 18:00etan, Txirikordan. Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion Usurbil tentsio handiko etxebizitza-merkatuko eremu izenda dezala: horretarako, aurrez, bi dokumentu horiek osatu behar zituen, eta orain herritarrei edukien berri emateko aurkezpena egingo du.

Izendapena eskuratzeko, bi baldintza ezarriak ditu Etxebizitza Eskubideari buruzko 12/2023 legeak. Batetik, azken bost urteetan alokairuaren prezioa KPI Kontsumo Prezioen Indizea baino hiru puntu gehiago igo izana, eta, bestetik, herritarrek euren diru-sarreren %30 baino gehiago bideratzea etxebizitzari lotutako gastuetara (alokairua, hipoteka eta etxeko oinarrizko hornidura gastuak barne hartuta). Bi baldintzetako bat betetzea nahikoa da izendapena eskatu ahal izateko: Usurbilen lehenengoa betetzen da. Izan ere, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenean, alokairuaren prezioa gehien hazi zen udalerrien artean zerrendatu zuten Usurbil, %19,90-ko igoerarekin. Bigarren baldintza ez du betetzen, baina gutxigatik, %28 inguru bideratzen baita, batez beste, etxebizitzen gastuetara.

Baldintzetako bat betetzeaz gain, bi lan egin ditu, aurrez, udalak, legeak zehazten duen bezala. Batetik, herriko etxebizitzen inguruko diagnostikoa egitea, eta, bestetik, hiru urterako ekintza plan bat osatzea. Usurbilen kasuan, planaren indarraldia 2026-2028 aldirako litzateke, izendapena ofizialki eskuratzeko 2025 amaiera izango dela aurreikusten baita.

Udalak eskatuta, Usurbilgo ekintza planean herritarren zaintza beharrak aintzat hartu dira. Helburua da Usurbilgo biztanle guztien etxebizitza-beharrei erantzutea bizitza-ziklo osoan, gazteen emantzipaziotik hasi eta adinekoentzako etxebizitza-baliabideetara, laguntza- eta zaintza-zerbitzuekin; izan ere, bizitzan zehar zaintza beharrak aldatu egiten dira, eta, beraz, baita etxebizitza beharrak ere.

Planaren indarraldiak bat egingo du, gainera, behin-behineko onarpena eman berri zaion HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren lehenengo laurtekoarekin, eta hala islatu dute planean ere. Izan ere, HAPOan antolatutako etxebizitzen garapen orekatu bati eusteko helburuarekin, epe luzerako eta lau urteko fasekako programazioa aurreikusi zen HAPOan. Hirigintza dokumentu horren behin betiko onarpena 2026rako iristea espero denez, lehenengo laurtekoak eta etxebizitza planak denboran bat egingo dute.

Tentsio handiko eremu izendapenak hiru urteko epemuga du, eta ondoriozko neurri nagusiek alokairuan dute eragina. Epe hori pasata, luzatzeko aukera izango da, hastapeneko baldintzek jarraitzen badute eta egoera hobetzeko jarduerak justifikatzen badira. Ekintza planean, halaber, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko hainbat neurri edo proposamen ere zehazten dira, baita zeintzuk lehenetsiko diren ere.