Publicador de contenidos
Atrás Etxebizitza hutsei %150eko errekargua kobratuko zaie, alokairura bideratzeko neurri gisa
14·10·2024

Hutsik dauden etxebizitzei %150eko errekargua kobratuko zaie datorren urtetik aurrera: hala proposatu zuen udal-gobernuak ordenantza fiskalak onartzeko urriaren 10ean egindako ezohiko osoko bilkuran. Etxebizitzarena egungo gizartearen “arazo larrienetariko bat” dela nabarmendu du, eta horri aurre egiteko neurri gisa hartu dute erabakia, alokairura bideratuak izan daitezen. Etxebizitza hutsen zerga gainerako 2025eko ordenantza fiskalekin batera onartu zuten osoko bilkuran: ohi bezala, EAEko abuztuko KPI Kontsumo Prezioen Indizea oinarri hartuta, %2,6ko igoera orokorra aplikatuko da, zenbait salbuespenekin. EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu zituzten 2025eko ordenantza fiskalak; PSE-EEk abstentziora jo zuen.
Erosteko zein alokatzeko izan, etxebizitzen prezioak “eskandaluzkoak” dira, udal-gobernuaren arabera, etxebizitzarena egungo gizartearen “arazo larrienetariko bat” bihurtzeraino: “Ezinezko egiten du askok eta askok etxebizitza baterako sarbidea bermatua izatea, batez ere, sektore ahulenek”. Gogoratu dutenez, Usurbilen aspalditik ezartzen zaie errekargua etxebizitza hutsei Ondasun Higiezinen gaineko Zergan: %50ekoa, hain zuzen ere. Gipuzkoako foru arauak, ordea, %150era arteko errekargua aplikatzeko aukera ematen du, eta horren alde egin du udal-gobernuak. Nabarmendu dutenez, etxebizitza huts horiek alokairura ateratzeko balio dezan hartu dute erabakia. Etxebizitzen gaiari konponbideak emateko bokazioarekin, udal-gobernuak jakinarazi du abiatua duela Usurbil tentsio handiko eremu izendatzeko prozedura: jaso berri duen diagnostikoaren arabera, 250 inguru dira herrian hutsik dauden etxebizitzak, eta 200 ingururi aplikatzen zaie errekargua OHZn.
2025eko ordenantza fiskalak
Errekarguaren igoera hori 2025eko ordenantza fiskaletan txertatuko dute, atzo egindako ezohiko osoko bilkuran eztabaidatu eta onartu ostean. EAEko abuztuko KPI-a oinarri hartuta, %2,6ko igoera orokorra aplikatuko da udal zerga, tasa eta prezio publikoetan, baina zenbait salbuespen ere badira. “Guretzat, fiskalitatea ez da soilik udalaren funtzionamendua bermatzeko diru-sarreren iturria: guretzako, gure proiektu politikoa garatzeko aukera edo bitarteko bat ere bada”, nabarmendu du udal-gobernuak. Azaldu duenez, bi ildori eman ohi diote lehentasuna: “berdintasuna eta justizia soziala” eta trantsizio ekosoziala. Hona trantsizio ekosozialean sakontzeko proposatutako neurri nagusiak:
OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zerga
Energia aprobetxamendurako inbertsioak edo obrak egiteagatik hobariak izango dira: zergaren kuota osoaren %40ko hobaria eskatu ahal izango da, eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta dituzten ondasun higiezinetarako. Hobaria ezarraldi bakarrean aplikatuko da.
EIOZ Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga
%95era arteko hobariak eskatu ahal izango dira EIOZ zergan, trantsizio ekosozialari begirako neurriak hartzen badira.
Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga
%50 arteko hobariak eskatu ahal izango dira ibilgailu hibrido edo erabat elektrikoengatik, matrikulatzen direnetik lau urtez.
Hondakinekin lotutako praktika desegokiak are gehiago zamatuko dira, sortzez besteko sistemaren bidez. Udaleko Ingurumen sailak eta atez ateko bulegoak azterketa bat egin dute, hondakinen sailkapen egokia egiten ote den jakiteko. Behatu dutenez, hainbat eta hainbat etxetan ez da errefus unitaterik kontabilizatu: etxebizitza horiek hutsik egon daitezke, edo errefusa behar bezala ez ateratzea gerta daiteke, hau da, kuboa zintzilik ez uztea eta, beraz, hondakin horiek zirkuitutik kanpo uztea. Praktika desegokitzat jota, kasu horretan dauden zergadunei hondakinen tarifari dagokion zati aldakorragatik beste 87 euro kobratuko zaizkie urteko azken fakturan.
Era berean, hondakinen tasan %15eko igoera izango da. Udala hondakinen bilketaren eta kudeaketaren arteko finantza oreka lortzeko ahaleginean ari da azken urteetan, tasa pixkanaka igoz eta gastuei eusteko ahalegina eginez; 12 urtean ez zuen batere igo tasa hori. Gaur egun, zerbitzuaren defizita %25-%30 artekoa da, eta igoera aplikatuta ere Hondakinen 7/2022 Legeak 2025erako lortu behar den zero defizita ez da lortuko.
BESTELAKOAK
Kirolari txartela
Prezio publiko berria da, “arazo historiko” bati konponbidea emateko pentsatua. Araudiaren arabera, edozein kirol instalazio erabili ahal izateko, beharrezkoa da kiroldegiko abonatua izatea, edo, bestela, alokairua ordaintzea. Araudi hori, neurri batean, ez da betetzen, eta auzia konpontzeko asmoz sortu dute kirolari txartela: abonamenduaren %60ko prezioa ezarriko zaio, eta horren bidez abonatuak ez direnei baimena emango zaie instalazioak erabiltzeko dagokien ordutegian; txartelak ez die baimenik emango gainerako instalazioak erabiltzeko. Txartel hori eskatzeko epea uztailaren 1etik 20ra izango da, eta kirol elkarteen ohiko jardueraren adinako indarraldia izango du, alegia, denboraldikoa: abuztuaren 1etik hurrengo urteko uztailaren 31ra arte.
Kiroldegiko abonamendua
Buruntzaldean adostutako prezioa da. Izatez, iaz legealdi osorako planteamendu bat adostu zuten udal guztien artean, eta horren arabera aurten beste %4,5 igoko da. Energiaren garestitzea eta kiroldegiko langileen lan-hitzarmen berria direla eta hartu zen erabakia.
Udajolas
Iaz iragarri bezala, igoera progresiboa izango du Udajolasek: aurten beste 15 euro igoko da, eta 120 euroan geldituko da. Udal-gobernuak gogoratu duenez, igoerak planteatu arren, gastu eta sarreren arteko oreka bermatzetik “urrun” daude: “Kuota horiekin zerbitzuaren erdia baino ez da estaltzen”.
EIOZ Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga
Era berean, jarduera guztietarako %5a aplikatuko da: jurisprudentzia berriak ez du uzten, orain arte bezala, ezberdintasunak egiten, eta beraz, tasa bakarra ezarri behar da herri guztirako. Era berean,
Ur hornidura, estolderia eta arazketa
Uraren tasak bi kuota ditu: finkoa eta aldakorra, norberaren kontsumoaren araberakoa. Ur kontsumoaren %75 kobratzen da estolderiagatik, eta arazketarengatik, aurten, %40 kobratuko da (iaz baino %20 gehiago).
Jardueraren edo instalazioaren funtzionamenduaren ikuskaritza
Tarifak berrikusi eta aldatu dira, eta hainbat kasutan, merkatu. Halaber, udal-langileen lan orduak ordenantzetan jasotzea beharrezko ikusi dute, emandako hainbat zerbitzuren zenbatekoa kalkulatzeko.
Hobari sistema
Prezioen garestitzeak ez die berdin eragiten herritar guztiei, eta, horregatik, udalaren hobariak eskuratzeko aukera dagoela gogorarazi du udal-gobernuak, “justizia sozialean sakotzeko”. Hobariak tasa eta prezio publikoetan egiten diren deskontu modukoak dira: %50, %75 edo %90 arteko hobariak eskura daitezke, eta, beraz, onuradunek %50, %25 edo %10 soilik ordaindu beharko dute, hurrenez hurren, tasa eta prezio publiko horietan. Bizikidetza unitateko kide kopuruaren eta diru-sarreren arabera, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata kontuan hartuta: udaletxean bertan edo egoitza elektronikoaren bidez eska daitezke.
Honakoetan aplika daitezke hobariak: ur hornidura, hondakinen bilketa, estolderia zerbitzua, hileta zerbitzuak (panteoikoak izan ezik), baratzeen erabilera, kiroldegiko abonamendu eta ikastaroak, haur eskola eta Udajolas. Gaur egun, 180 herritar inguru dira hobaridunak.
