Publicador de contenidos

Atrás Eskola Kiroleko zein klub federatuetako jarduna bertan behera gelditu da Eusko Jaurlaritzaren neurri berrien ondorioz

Kiroldegiko ikastaroek martxan jarraituko dute, egokitzapenak eginda. Kiroldegia 21:00etan itxiko da azken neurriak indarrean dauden bitartean.

09·11·2020


Larunbataz geroztik indarrean dira Eusko Jaurlaritzak Covid19-a dela eta hartutako azken neurriak. Etxeratze-agindua 22:00etara aurreratzea, taberna eta jatetxeak ixtea edo maskararen erabilera orokortu eta derrigorrezkoa agindu zituen, besteak beste. Argitaratutako zenbait neurriren zehaztasunak, ordea, gaur helarazi zaizkie udaletxeei: kirolari dagozkionak dira, batik bat. Hala, gaurtik aurrera, bertan behera gelditu da Eskola Kirola, baita klub federatuen jarduna ere.

Kiroldegiko ikastaroak egin daitezke, beti ere, neurri berriak kontuan hartuta. Horien arabera, saio guztiak maskararekin egin beharko dira (igerilekuan salbu), gehienez ere seiko taldeetan antolatuta. Horrez gain, igerilekukoak salbu, ezingo dira aldagelak erabili. Gainerako establezimendu eta lokalen antzera, 21:00etara aurreratu dute kiroldegiaren itxiera.

Bestelako udal-zerbitzuei eta agendari dagokienez, guztiei eutsiko die udalak, egin beharreko moldaketak eginda eta segurtasun neurriak hartuta. Esaterako, zahartze aktiboa sustatzeko udalak antolatutako saioek aurrera jarraituko dute, eta azarorako iragarritako kultur eskaintzari ere eutsiko zaio.