Publicador de contenidos
Atrás Eskola Kirolarekin, entrenamenduekin eta kiroldegiko ikastaroekin jarraitzeko saioak berrantolatzen ari da udala
27·10·2020
Alarma egoera ezarri eta segurtasun irizpideak Eusko Jaurlaritzak bereganatzearekin batera, arau berriak ezarri ditu Gasteizko gobernuak. Horietako zenbaitek eragiten diote jarduera fisikoari, Usurbilen kasuan, bereziki, Eskola Kirolari, taldekako entrenamenduei eta kiroldegiko ikastaroei. Jarduera fisikoak egiten dituzten auzoetako ikastaroei dagokienez ere, bertan behera geldituko dira oraingoz. Arau berriek ahalbidetzen dute guztiei eustea, dena bertan behera utzi gabe, baina beharrezkoa da banan-banan berrantolatzea, saio eta talde bakoitzaren berezitasunen arabera: aste honetan berrantolaketa horri ekin eta guztiak datorren astelehenean molde berri batekin berrabiaraztea da asmoa.
Udala herriko kirol talde eta klubekin harremanetan jarri da aste honetako saioak bertan behera uztearen arrazoiez eta egoeraz euren taldeetako haur eta nerabeekin hausnartzeko eskatuz. Lehenengo olatuaren aldean, oraingoan ez da dena bertan behera utziko epe luzerako, berrantolaketa egin bitarterako soilik izango da etenaldia, baina haur eta nerabeekin halako saioak ikustea beharrezko ikusten du udalak, esateko dituztenak elkarbanatu ahal ditzaten euren lagun eta taldekideekin.
Gimnasioan eta igerilekuan banakako funtzionamenduak bere horretan jarraituko du.