Publicador de contenidos
Atrás Erroizpeko uraren titularra ez ezik, horren Kontrol eta Zaintza Unitatea ere udala izango da, otsailetik aurrera
21·07·2021
2022ko otsailetik aurrera, Usurbilgo Udala izango da Erroizpeko uraren KZU Kontrol eta Zaintza Unitatearen arduraduna, ur horren titularra izateaz gain. Usurbilek bi ur-hornidura sistema ditu: Añarberena eta Usurbil-Erroizpe. Añarbekoaren titularra zein KZU mankomunitatea bera da, eta Erroizpekoaren kasuan, titularra udala da, eta KZU Añarbe. Horrek koordinaziorako sortzen dituen “trabak” gainditzeko, hitzarmen bat egitea eskatu dio Añarbek udalari, eta horixe da uztaileko osoko bilkuran onartu dutena, EH Bilduren eta PSE-Eeren botoekin; EAJk abstentziora jo du.
Udal-gobernuak azaldu duenez, ur propioa duten beste udalekin ere hitzarmen bera sinatzen ari da Añarbe: Oiartzunen eta Pasaian, esaterako. Beste zenbait herrik, ur propioa izan baduten arren, kopuru txikiak dituztenez, Añarberi “eman” diote. Usurbilen, berriz, “alderantzizko bidea” egin nahi du: “Iaz ur filtrazio sistemaren inbertsioa bertan behera utzi behar izan genuen Covid19a dela eta, baina gure nahia gure uraren alde egitea da, kalitatezkoa delako eta asko daukagulako; Añarbetik jasotzea baino merkeagoa ere bada”.
Hitzarmenak jasoko du Usurbilgo uraren jabegoa udalarena denez, kontrola ere udalaren ardura izango dela; zortzi urtetarako izango da hitzarmena. Hitzarmenaren berri Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari emango dio udalak urrirako, hala, otsailean indarrean sar dadin. Egunerokoan ez du aldaketarik suposatuko, udal-gobernuaren esanetan. “Finean ez du aldaketarik ekarriko: Añarbek orain arte egin dituen lanak egiten jarraituko du, udalaren zereginak oraingo berberak izango dira, eta elkarlanean jarraituko dugu”.