Publicador de contenidos
Atrás Errepideetako hondakinen kudeaketarako eta kontrolerako neurriak urgentziaz hartzeko eskatu dio udalak aldundiari
01·12·2022

Errepideetako hondakinak baimenik gabe isurtzen ari dira Usurbilgo Aritzeta eremuan: halaxe jakin du udalak, azken egunotan, Berria egunkariko kazetari baten bidez. Azaroaren 28an, udaleko Ingurumen teknikariak ikusi ahal izan du errepide garbiketa lanen ondorioz sor daitezkeen hainbat hondakin baimenik gabe isuri direla han: nahaste bituminosoak, ontzi arinak, pneumatikoak, izaera desberdineko plastikoak, eta abar.
Ingurumen teknikaria lekuan bertan izan da, jasotako informazioa berresteko, eta horren ostean, txostena egin du, eskumenak dituzten erakundeei gertaeren berri eman eta neurriak har ditzaten eskatzeko. Batetik, isurketak baimenik gabe egin diren eremua Bidegiren lurretan kokatzen denez, bi eskaera egin dizkio Bidegiri: batetik, isurketa horiek berehala eten ditzala, eta, bestetik, proiektu bat egin dezala isurketen eremua zehaztu, eragindako kalteak aztertu eta eremua lehengora dezan. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailari berriz, lurzorua kutsa dezakeen jarduera izanik, eskatu dio hartu beharreko neurriak ezarri eta horiek betetzera behartuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak zehaztu ditzala. Azken eskaera, URA Agentziari bideratu dio: isurketa eremua Arpidegietako errekastotik gertu egonik, dagozkion neurriak har ditzala.
