Publicador de contenidos
Atrás Erosketa bonu gehiago salgai gaurtik aurrera, herriko saltoki gehiagorekin
03·09·2020
Erosketa bonu gehiago jarri ditu gaur salgai udalak gertuago.eus webgunean, herriko merkataritza bultzatzeko helburuarekin. Konfinamenduagatik ixtera behartuta egon ziren saltokiei laguntzeko sortu zituen udalak Gertuago erosketa bonuak, herritarrek herrian eros zezaten bultzatuz, tokiko kontsumoa lehenetsiz, erosketa-ohitura berriak eragitea: izandako arrakasta ikusita, bonuen bigarren sorta bat ateratzea erabaki du, saltoki gehiagorekin. Lehenengo aldian bezala, udalak bere gain hartuko du herritarrek izango duten %20ko deskontua. Oraingoan, ordea, elikagaien dendak eta tabernak ere gonbidatu dituzte bonuen sistemaren barruan sartzera: beste 25 saltokik parte hartuko dute; 51 dira, guztira.
Udala herriko merkataritza biziberritzeko lanketa betean zela iritsi ziren Covid19-aren osasun krisia eta itxialdia. Aldi hartan ixtera behartuta egon ziren merkatari eta ostalariei laguntzeko sortu zituen Gertuago erosketa bonuak, herritarrek herrian bertan kontsumi dezaten, eta merkatarien zein herritarren aldetik izan zuten harrera ona ikusita, bigarren fase bati ekin dio udalak. “Oso pozik gaude lehen aldiak izan duen harrerarekin: beste behin ere, usurbildarrek, erronkari heldu, eta ezin hobeto erantzun dute”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Gertuago bonuen lehenengo fasearen zenbait datu ere eman ditu: salgai jarritako bonuen %90 inguru saldu dira, eta horrek 50.000 euroko diru-sarrera eragin die herriko merkatariei. “Atzoko datuen arabera, 50.310 euro dira. Horietatik 40.248 euro herritarrek jarri dituzte, eta udalak gainerako 10.062 euroak. Garai zail hauetan, arnasa izan dela esango nuke, aurrera egiteko ezinbestekoa dena”.
Aurrekoaren aldean, bi berritasun nagusi ditu bigarren faseak. Batetik, itxialdian irekita egon ziren saltokiek ere parte hartuko dutela: elikagaien dendek eta tabernek. Bestetik, tabernariekin du zerikusia bigarren berritasunak: aurrekoan, dirulaguntza zuzenak eman zitzaizkien, eta oraingoan tabernariak sartzeko modua egin du udalak, bost euroko bonuen bidez. Berdin gozoki dendekin. Tabernariek zein gozoki dendetako arduradunek bonuak inprimatuta eramateko eskatuko dute, lana errazteko. Tabernariei laguntzeko beste modu bat izan da terrazak bultzatzea: konfinamendua arintzen hasi zen garaian hartu zen neurria, aire librean kutsatzea zailagoa delako, eta uda sasoian luzatu da baimen hori, distantziak mantenduz terrazak handitzekoa.
Solaberrietatik gogoratu duenez, osasun krisiak erakutsi du osasunaren alde egitearen baliokidea izan dela erosketak gertu egitea, herrian bertan. “Tokiko merkatariak eta zerbitzuak beti egon izan dira herritarrengandik gertu, eta orain, guri dagokigu haiek zaintzea, gertu sentiaraztea. Herria hilik izan da aste luzetan: latza izan da pertsianak itxita ikustea. Osasuna abiapuntu eta helmuga, herria berpiztea, bizitzea tokatzen zaigu orain, eta herriko merkataritza da horren berme”. Zentzu horretan, herriko merkataritzari eta, beraz, bizitzari eustea herri-erronka dela nabarmendu du alkateak: “Hau ez da merkatarien eta udalaren erronka bakarrik: herri-erronka baten aurrean gaude, eta ez dut dudarik elkar harturik, elkarlan eta lankidetzatik, elkartasuna eta komunitatearen zaintza oinarri, aurrera egingo dugula.
Kanpainan parte hartuko duten herriko merkatari eta ostalariak ere izan dira agerraldian. Irati Artzek, Lizardi liburu dendako arduradunetako batek, azaldu duenez, lehenengo kanpainan parte hartu zuten, eta “oso-oso gustura” daudela adierazi du: “Udalaren aldetik laguntza daukagu, eta bigarren faserako ikusi dugu jendea bonuak atera zain zegoela. Laguntza handia izan da, eta bezeroak ere oso gustura utzi ditu”. Bordatxo tabernak, gainerako tabernen antzera, lehenengo aldia izango du bonuen sisteman, eta Paulino Ibargoien baikor dago: “Hau bigarren fasea izango da, eta jendearen erantzuna ona izango da. Tabernari bezala, iruditzen zaigu bost euroko bonuena ideia ona dela, eta herritarren erantzuna ona izango dela”.
Adinekoei bonuak erosteko laguntza
Erosketa bonuak Internet bidez erosi behar direnez, zaharrek bonuak erosteko zailtasunak izan ditzaketelakoan, udalak astean bi egun jarriko ditu haiei laguntzeko. Zehazki, bonuak erosten lagunduko dien langile bat jarriko du horretarako, astearte eta ostegunetan, Potxoenean, 12:00etatik 14:30era. Horrez gain, Kzgunea berriz ere martxan da, egunero dago zabalik, eta bertako langilea ere laguntzeko prest dago. Izan ere, adinekoek nagusiki herrian bertan egiten dituzte erosketak, eta erosle finenak haiek izanda, kanpainatik kanpo ez geratzeko ahalegina egingo du udalak, eta adinekoak gertu dituzten herritarrei ere haiei laguntzera dei egin die. “Adinekoak dira erosle finenak, leialenak, eta ez genuke nahi kanpaina honetatik at uztea. Horregatik, deia egin nahi diet gazteagoei, halako gailu eta bitarteko digitaletan iaioagoak direnei, euren gurasoei edota inguruan dituzten adinekoei erosketa-bonuak eros ditzaten laguntzeko”.
Gertuagoren lehenengo eta bigarren fasean bultzatutako bonuek ez dute iraungitze data bera. Lehenengo fasean bultzatutakoak 2020ko abenduaren 31ra arte erabil daitezke; bigarren fasean bultzatutakoak, 2021eko martxoaren 31ra arte.
Bonuak eskuratu ahal izateko beharrezkoa da gertuago.eus webgunean erregistratzea. Hori egindakoan, gustuko saltokia bilatu, eta eskaintzen dituen bonuen artean aukeratzea baino ez da egin behar. Erositakoan, mezu elektroniko bidez jasotzen dituzte bonuak erabiltzaileek.
Hona agerraldiko irudi gehiago: