Noticias
Atrás

Eremu gorrian sartuta, bihar sartuko dira indarrean neurri berriak

Herria ixtearekin batera, kirol arloan eta ostalaritzan eragingo dute gehien neurri murriztaileek. 602ko intzidentzia tasa du Usurbilek.

26·04·2021


Zenbait egun daramatza Usurbilek eremu gorrian, baina neurri berriak ofizialki indarrean sartu gabe. Gaur, azkenean, 602ko tasarekin sartu da Usurbil eremu gorrian dauden herrien zerrenda ofizialean, eta, beraz, bihartik aurrera sartuko dira indarrean neurri murriztaile berriak. Herria ixtearekin batera, kirolari eta ostalaritzari eragingo die gehien neurriek.

Kirolari dagokionez, instalazioek zabalik jarraituko dute, %50eko edukieran eta zita aurrez hartuta, 21:00ak arte. Aldagelak itxita izango dira (igerilekukoak salbu), eta barruan egiten diren jardueretan lau pertsonako taldeetan eta beti maskara jantzita izango da (kanpoan egiten den intentsitate handiko jardueretan aparteko uneetan eta igerilekuetan izan ezik). Eskola Kirolak aurrera jarraituko du, maskarak jantzita, seiko taldeetan eta aire librean; barruko instalazioetan, berriz, lauko taldeetan. Lehiaketak etenda daude. Kirol federatuaren kasuan, entrenamenduak egin daitezke eta lehiaketak ere antolatu daitezke, beti ere, publikorik gabe. Jarduera fisikoa aire librean egin daiteke, sei laguneko taldeetan gehienez ere. Mugakide diren udalerrien arteko mugikortasuna baimentzen da gimnasio, kirol elkarte edo kiroldegietako ikastaro eta jardueretara joateko.

Jarduera fisikoa egiterakoan maskaren erabileraz Eusko Jaurlaritzak ohiko galderen dokumentuan dioenez, momentu oro erabili behar da, nahitaez, honako salbuespenekin: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, baimendutako federatuen entrenamendu eta lehiaketetan, eta kanpoan egiten den intentsitate altuko jarduera fisikoko une berezietan.

Ostalaritzari dagokionez, soilik gosariak eta bazkariak emateko baimenduko da bezeroak establezimenduaren barruan hartzea, 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era.