Publicador de contenidos
05·11·2021
Datozen asteetan, udalaren aurreikuspenen arabera, hiru obra hasiko dira: Aginagako kolektorekoak, Sagardo plazako esku hartzea eta Sutegiko fatxadako obrak.
Aginagako kolektorea.
Maiatzean aurreratu bezala, Aginagako saneamendua osorik egiteko akordioa erdietsi dute Euskal Ur Agentziak eta Añarbeko Mankomunitateak, eta hil honetan hasiko dira obrekin. Osinalde eta Aginaga arteko ur zikinak Loiolako araztegiraino eramateko azpiegitura nagusia eraikitzea dute helburu obrek, eta, aurreikuspenen arabera, 22 hilabete beharko dituzte lanak egiteko: bien artean, 5,4 milioi euroko inbertsioa egingo dute.
2019ko otsailean jada onartu zuten bi erakundeek Aginagarako saneamendu proiektu bat. Bertan hiru fase definitu zituzten, baina lehenengo biak soilik egitea adostu zuten, hirugarrena gauzatzeko bermerik gabe. Udalak hiruak batera egiteko eskatu izan die, eta, azkenik, Urak-ek eta Añarbek aurten adostutako hitzarmenean hiru faseak barne hartzea lortu du. Inbertsio esanguratsua da egingo dutena, obra osoaren kostua 5,4 milioi eurokoa baita: kostuen %60 Urak-ek hartu du bere gain, baita kontratazioa eta obra zuzendaritza ere; Añarbek gainerako %40 finantzatuko du.
Obraren hiru faseak
Osinalde industriagunea, Txokoalde eta Aginaga dira obren hiru gune nagusiak: guztien ur zikinak jaso eta Loiolako araztegira bideratzea da helburua. Izatez, Txokoalden euri urak eta ur zikinak bereizteko azpiegitura eraikia dute 1997ko uholdeez geroztik, baina ur zikinak jasotzeko azpiegitura falta dutenez, batzuek zein besteek Oria ibaian bukatzen dute. Lehenengo fasean, HUPE Hondakin Uren Ponpa Estazio bat eraikiko dute Txokoalden, eta Osinaldeko HUPErekin lotu; Txokoaldekoaren bitartez, bertako eta Santueneko isuriak Osinaldeko sistema orokorrera eramango dituzte.
Bigarren fasean, Txokoaldeko eta Aginagako HUPEak lotuko dituzte. Aginagako kaxkoko isuriak jaso, eta Aginagako HUPE berritik Txokoaldekora eramango dituzte, Oria ibaia gurutzatuta.
Hirugarren fasean, Aginagako erriberan kolektore nagusia egingo dute, eta kolektore horri hainbat hodi jarriko dizkiote, gero udalak egingo duen proiektuaren bitartez, Aginagako etxebizitzetara konektatu eta ur zikinak jasotzeko.
Sagardo plaza.
Datozen asteetan, udalak Sagardo plaza berraktibatzeko esku hartzea egingo du, Juntura kooperatibaren eskutik. Hirigintza komertzialaren ildoari jarraiki, egoteko leku atsegin bat sortzea da esku hartzearen helburua. Horretarako, zenbait altzari jarriko dituzte, mahaiak eta eserlekuak batik bat, eta pintaketa lanak egin, oinezkoentzat sarbideak markatuz.
Sagardo plaza gune lasaia da, izatez, eta hori mantentzea bermatuko dute. Izan ere, esku hartzea arina izango da: dagoena aprobetxatuz, elementu berriak txertatuko dituzte. Batik bat, mahaiak eta eserlekuak gehituko dituzte, egonean egoteko leku atsegina izan dadin.
Tokiko merkataritza indartzea xede
Azken urteetan herrigunean egindako beste zenbait esku hartzeren filosofiari jarraitzen dio Sagardo plazakoak ere. Kale Nagusian egindakoak dira azkenak: Olanoenea plaza eta 10. zenbakiko pasabidearen berritzea, besteak beste, Irantzu Lekueren mural baten bidez. Guztien helburua da oinezkoak igarotzeko eta egoteko leku atseginak sortuz tokiko merkataritza indartzea. Udalak, azken urteetan, era horretako hainbat esku hartze egin ditu: Mikel Laboa plazara iristeko oinezko pasabideak hobetu ditu Zubiaurrenea-Errekatxikitik eta Artzabal-Olarriondotik; Mikel Laboa plaza oinezkoentzako egokitu du, eta handik Kale Nagusira iristen diren Irazu, Etxebeste eta Hirutasun kaleak eraberritu dira.
Sutegiko fatxada.
Zenbait hilabetetako atzerapenaren ostean, abendu erdialdean hasiko dira Sutegiko fatxada berritzeko obrak; hilabete eta erdi beharko dute lanak amaitzeko. Izatez, udan egin behar zuten, baina lan kargagatik atzeratu egin behar izan dute. Batetik, fatxada egokituko dute, energetikoki eraginkorragoa izan dadin, eta, bestetik, goiko solairua itxi eta taldeka lan egiteko espazioa sortuko dute, fatxadatik kendutako materiala berrerabiliz.
Lanek iraun artean, mugak izango ditu zerbitzuak. Liburuen mailegua bermatu ahal izango da, baina ez ikasteko giroa. Horregatik, udalak erabaki du Potxoeneako sotoa gordetzea, liburutegiko ordutegi berean, ikasteko lekua behar duten erabiltzaileentzako.