Publicador de contenidos

Atrás Epaileak atzera bota ditu udalak Ucini ezarritako ingurumen baldintzak

Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Baimen Bateratuan ezarritakoak baino neurri zorrotzagoak ezarri zizkion udalak, iaz, Ucin lantegiari, jarduera lizentzia eguneratzean. Lantegiak epaitegietara eraman zuen udala, eta epaileak arrazoi eman dio: inspekzio gaitasuna baino ez dio aitortu udalari.

15·07·2022


Epaileak atzera bota ditu udalak Ucini ezarritako ingurumen baldintzak, udala bere eskumenetatik harago joan dela argudiatuta. Udalak iazko otsailean eguneratu zion jarduera lizentzia Ucin lantegiari: lizentzia berriarekin, emisio-partikulak etengabe neurtzeko eskatu zion, Eusko Jaurlaritzak hilabete batzuk lehenago emandako Ingurumen Baimen Bateratuan ezarritakoak baino neurri zorrotzagoak ezarriz. Horren aurrean, Ucinek epaitegietara eraman zuen udala, udalak bere eskumenak gainditu zituela esanez, eta epaileak, orain, arrazoia eman dio, partzialki: haren esanetan, batetik, udalak ezin ditu Jaurlaritzak ezarritakoak baino neurri zorrotzagoak jarri, baina, bestetik, inspekzio gaitasuna aitortu dio udalari. Horrekin ere ez da ados agertu lantegia, eta helegitea jarri dio bigarren zati horri.

2020ko uztailean eta azaroan eguneratu zion Eusko Jaurlaritzak Ucini Ingurumen Baimen Bateratua, eta horren ondotik eguneratu zuen udalak lantegiaren jarduera lizentzia. Eusko Jaurlaritzak partikula jakin baten etengabeko neurketa exijitu zion, eta udalak, Jaurlaritzakoak eskatutakoaz gain, beste lauren etengabeko neurketak gehitu zituen bere lizentzian. Ordura arte, Ucinek neurketa puntualak egiteko derrigortasuna baino ez zuen.

Udalak hartutako bide hori ezohikoa da tokiko administrazioan, baina hala egitea erabaki zuen lantegiaren isurketek eragindako kezkak tarteko. Horrek bultzatuta jo zuen Ucinek epaitegietara.