Publicador de contenidos
Atrás Energia eskuragarri eta ez-kutsatzaileen inguruan landutakoak hizpide, bilkura berezian
14·06·2023

‘Energia, bizitzaren motorra’ lelopean, bilkura berezia izan da gaur, Potxoenean: Udarregi ikastolako LHko eta DBHko ikasleen ordezkariek azken ikasturtean Eskolako Agenda 2030 programaren bidez landutako edukiak helarazi dizkiote udalari. Urtero, gai bat eta Garapen Jasangarrirako Helburuetako bat landu ohi dute ikastolan: aurten, energia izan da hautatutako gaia, eta energia eskuragarri eta ez-kutsatzaileen helburua landu dute.
Aurten, aldaketa bat egin dute: gai bakoitzari bi ikasturte eskaintzea erabaki dute, gaiak “lasaitasun gehiagorekin” lantzeko. Lehenengo urtean diagnostikoa landu eta esku-hartze plana diseinatuko dute, eta bigarrengoan, ekintzak martxan jarri. Energiaren gaiarekin hasi dira: “Ez da batere erraza izan, baina, aldi berean, oso mamitsua eta gaurkotasun handikoa da”.
Gaiaren inguruan informatu, eta bi diagnostiko egin dituzte: bat eskolakoa eta bestea herrikoa. Nolako energia eta zenbat erabiltzen den, energiaren jatorria, energiaren kontsumoaren eraginak... Ondorioak atera, eta egoera nola hobetu pentsatu dute. Hala, batetik, ikasleek zenbait konpromiso hartu dituzte, eta haien esku ez dagoena udalari eskatu diote gaurko bilkuran.
LHko ikasleen kasuan, honako konpromisoak hartu dituzte: gelatik ateratzean argiak itzaltzea, argi naturala erabiltzen saiatzea, ordenagailua itzaltzea erabiltzen ez dutenean eta eskuak lehortzeko paper gutxiago erabiltzea. Udalari eskatu diote geletako sabaietan leihoak jartzea argi naturala errazago sartzeko eta kaleko farolak egunez itzaltzea. DBHko ikasleen kasuan, energiaren erabilera jasangarriagoa izateko hainbat konpromiso hartu dituzte, eta udalari egindako eskaerak ildo berekoak dira, besteak beste, apurtzen diren farolak edo zaharkituak daudenak LED teknologiadun bonbillekin ordezkatzeko, farola itsugarrien inguruko azterketa egitea, farolen altuera eta argi-orientazioa berraztertzea edo argindarra aurrezteko eguzki plakak jartzea faroletan.
