Publicador de contenidos

Atrás Energia aholkularitza zerbitzua, berriz ere martxan, urtarrilaren 22tik aurrera

Klima aldaketa eta energia trantsizio teknikaria kontratatu du udalak, eta, besteak beste, herritarrei begirako zerbitzua eskainiko du, doan, udaletxean eta herri-auzoetan. Aldez aurretik eskatu behar da hitzordua.

15·01·2024


Usurbilgo Udalak energia aholkularitza zerbitzua jarriko du berriz ere martxan, urtarrilaren 22tik aurrera. Zerbitzu horren bidez, batik bat, herritarrek argindarraren fakturei buruz zein energia berriztagarriei buruz izan ditzaketen zalantzak argitu ahal izango dituzte. Zerbitzua doakoa izango da, eta udaletxean zein herri-auzoetan eskainiko du: beharrezkoa izango da aldez aurretik hitzordua hartzea.

Hona xehetasunak:

Energia aholkularitza zerbitzua, udaletxean:

Asteartetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara.

Energia aholkularitza zerbitzua, herri-auzoetan:

Astelehenetan, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

  • Zubietan (Kaxkapen): hilabeteko lehenengo astelehenean.
  • Santuenean (auzo elkatearen lokalean): hilabeteko bigarren astelehenean.
  • Aginagan (pintura gelan): hilabeteko hirugarren astelehenean.
  • Kaxkoan: hilabeteko laugarren astelehenean, 09:00etatik 13:00etara udaletxean; 16:00etatik 19:00etara, Potxoenean.

Hitzordua hartzeko:

943 37 19 51 / iromero@usurbil.eus

Duela hiru urte ere kontratatu zuen udalak energia teknikaria: orduko hartan, gazteen lehenengo lan aukera eskaintzeko programa baten bidez kontratatu zuen, bederatzi hilabeterako. Oraingoan, berriz, lehen lanbide esperientzia izateko programak finantzatzeko Europako Batasuneko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitako dirulaguntza baten bidez finantzatu du zati batean, baliabide propioak jartzeaz gainera, urtebeterako. Orduan bezala, oraingoan ere herritarrei begirako aholkularitza zerbitzua ez ezik, udalaren eta udal ekipamenduen energia kontsumoa kudeatzea izango da Klima aldaketa eta energia trantsizio teknikariaren lana.

Udala eraldaketa betean da, gaur egungo erronkei tokitik erantzun ahal izateko, misioen araberako jarduna ezarrita. Lau misio ezarri ditu, eta horietako bat trantsizio ekosozialarena da, hain justu: herritarrekin eta eragileekin elkarlanean misio bat definitzeko parte hartze prozesua abiatu berri du.