Emakumeen Etxearen inguruko asanblada irekia eta bertso-bazkaria, martxoaren 4an
13·01·2023
2022/23 ikasturtea hastearekin batera berrekin zion lanari Emakumeen Etxeko proiektuaren talde sustatzaileak, irekierara begira lanketa zehatzagoak egiteko helburuarekin. Proiektua ahalik eta emakume gehienengana iristea dute helburu, eta, beraz, asanblada irekia antolatu dute: martxoaren 4an izango da (Potxoenean, 12:00etan), eta, horren ostean, Martxoaren 8aren bueltan egin ohi zen bertso-bazkaria berreskuratuko dute. Asanbladara joan nahi dutenei aldez aurretik izena emateko eskatu diete, 943 37 71 10 telefonora deituta edo parekidetasuna1@usurbil.eus helbidera idatzita.
Azken hilabeteetan, Pelaioenea barrutik eraikitzeko obrak martxan, proiektuaren inguruko lanketa zehatzagoa egiten aritu da talde sustatzailea, Elhuyarren laguntzarekin: etxeak emango dituen zerbitzuak, egin daitezkeen ekitaldi eta ikastaroak eta abar. Horien guztien berri emango dute martxoaren 4ko asanbladan. Obraren egoerak ahalbidetzen badu, eraikina barrutik ikusteko aukera ere izango da egun horretan.
Horren ostean, bertso-bazkaria egingo dute, Artzabalen: Maialen Lujanbio, Jone Uria eta Saioa Alkaiza arituko dira bertsotan, Amaia Agirre gai-jartzailearen esanetara. Aurrerago jakinaraziko dute bazkaritarako tiketak nola eskuratu.
Iaz, Errenteriako Emakumeen Etxea eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista ezagutu ondotik, aste honetan Astigarragako Emakumeen Etxean izan da Usurbilgo Emakumeen Etxeko talde sustatzailea. Biztanleria kontuan izanda, parekoagoak dira Astigarraga eta Usurbil, eta, beraz, Emakumeen Etxea sortzeko hango esperientziak gertutasun eta antzekotasun gehiago izan ditzakeelakoan egin dute bisita.