Publicador de contenidos
Atrás Elkarrekin Eguna antolatu dute, azaroaren 30erako, emakumeak jarduera fisikoa egitera bultzatzeko
21·11·2024
Elkarrekin Eguna ospatuko da azaroaren 30ean, kiroldegian, emakumeak jarduera fisikoa egitera bultzatzeko aitzakian, udaleko Kirol eta Parekidetasun sailek antolatuta. Bi zati izango ditu Elkarrekin Egunak: lehenengo, entrenamendu funtzional saioa egingo dute, eta, ondoren, hamaiketako osasungarrien inguruko tailerra jasoko dute. Bertan parte hartzeko izen-ematea ireki dute, gaur, eta hilaren 29ra arte izango da horretarako aukera, galdetegi bat beteta; parte-hartzaile guztiek egun horretarako propio sortutako kamiseta bat jasoko dute opari.
Azken urteetan heldutako ekimenari heldu diote, aurten, udaleko Kirol eta Parekidetasun sailek. 2022an, zoru pelbikoaren ikastaroa antolatu zen, izandako arrakasta tarteko, gaur egun Emakumeon Etxean eskaintzen dena. Iaz, berriz, aldundiak bultzatutako Emakumeok Mugimenduan kanpainarekin bat egin, eta entrenamendu funtzionala antolatu zen, Mikel Laboa plazan.
Kiroldegian egingo dira aurtengo saioak. Lehenengo, 10:00etan, entrenamendu funtzionala izango da, iazko saioa gidatu zuen MOOV gimnasioaren laguntzarekin. Maila guztietara egokitutako saioa izango da. Ondoren, 11:00 aldera, Andoni Zubeldia nutrizionistaren eskutik, hamaiketako osasungarrien inguruko tailerra jasoko dute parte hartzaileek. Jarduera fisikoari eta emakumeari lotutako elikadura pauta orokor batzuk azaldu ostean, hamaiketako osasungarri desberdinak prestatu eta jango dituzte.
Elkarrekin, errazago
Ekintza eta komunitatea barnebiltzen ditu Elkarrekin leloak, eta horregatik aukeratu dute datozen urteetan Kirol eta Parekidetasun sailek elkarrekin antolatuko dituzten ekimenak izendatzeko. “Elkarrekin dena da errazago: Usurbilgo emakumeen batasuna eta komunitatea landu nahi ditugu, zapatilak jantzi eta edozein jarduera fisiko egitera animatuz, modu horretara, sedentarismo maila gutxituz”. Ariketa fisikoa eta kirola egiteaz gain, datozen urteetarako bestelako ideiak ere badituzte, hala nola, tailerrak, ikastaroak edo hitzaldiak antolatzeko.