Publicador de contenidos

Egunotan Usurbilen dabilen usain txarra dela eta, Udalaren adierazpena

Usurbilgo Udalak azken egunotan Usurbilen dagoen usain txarraren gaineko informazioa eskaini nahi du:

13·09·2017


Egunotan Usurbilen dabilen usain txarrari dagokionez:

· Udalak badu gertakari horren berri eta behin betiko soluzionatzeko bi ildo ezberdinetan ari da lanean. Alde batetik, ke isurketak egitearen ardura daukan enpresarekin, eta, beste batetik, Eusko Jaurlaritzarekin.

· Legegintzaldi honetan hainbatetan bildu gara enpresako arduradunekin. Azken bilera ostiral honetan izan zen, problematika honi irtenbidea bilatu nahian. 

· Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin harreman zuzena du eta izan du Udalak, eta bilera bat egiteko eskaera egina dago duela aste batzutatik.

· Udalaren eskaera jarraituen ostean, enpresak labe berria jarri behar izan zuen 2014ean, eta tarte honetan gure asmoa izan da labe zaharra behin betiko ixtea eta ke-erauzgailu berria jartzea. Negoziaketa luzeak izan ditugu beraiekin, bolada batean hitz onak ere bai, baina aurrerapausorik ez zegoela ikusita, elkarrizketak eten egin genituen duela aste batzuk. Behin eta berriz ari gara Eusko Jaurlaritza egoeraren larritasunaz ohartarazten, beren interbentzioa eskatzen eta gure inplikazioa eta laguntza eskaintzen. Bien bitartean enpresari hirigintza arloko zigor-espedientea irekitzea erabaki genuen ekainean. Espediente horrek bere bidea egiten jarraitzen du.

· Udala gaiarekin harremana daukaten eragile guztiei indar egiten ari da, aldaketak ahalik eta azkarren eman daitezen.