Publicador de contenidos

Dirulaguntzen plan estrategikoa eguneratzea onartu dute, aho batez, otsaileko osoko bilkuran

Egun indarrean dagoen dirulaguntzen plana 2019ko azaroan onartu zuten, baina Covid19-ak testuinguru orokorra erabat aldatu duela eta, eguneratzea erabaki dute: dirulaguntza lerro berriak abiatu ahal izateko ezinbesteko urratsa da.

26·02·2021


Dirulaguntzen plan estrategikoa eguneratzea adostu dute, aho batez, otsaileko osoko bilkuran. Egun indarrean zegoen plana 2019ko azaroko osoko bilkuran onartu zuten, eta 2022ra arteko indarraldia du. Aldiz, Covid19-ak testuinguru orokorra erabat aldatu duela argudiatuta, plan estrategikoa eguneratzeko proposamena egin du udal-gobernuak, eta gainerako alderdiek bat egin dute proposamenarekin. Atzoko erabakia plenoko aktan jaso, eta GAOn argitaratuko dute, eta, horrez gain, martxoaren 9ko Tokiko Gobernu Batzordean onartuko dituzte, ezustekorik ezean, norgehiagokako dirulaguntzen oinarriak.

“Plan estrategikoa egoera berrira egokitzea ezinbestekoa da, Covid19-ak are ageriago utzi dituen behar sozialei eta ekonomikoei erantzun nahi badiegu. Plan estrategiko honetan dirulaguntza lerro berriak txertatu ditugu, nagusiki, Covid19-ak sortutako krisi sozial, kultural eta ekonomikoari aurre egiteko, egoera zaurgarriagoan dauden herritarrei laguntzeko”, azaldu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Gogoratu zuenez, 2021eko aurrekontuetan 2020koetan baino 100.000 euro gehiago (%10eko igoera) bideratu dituzte dirulaguntzetara: ia milioi bat euro.

Plan estrategikoak udalak dituen dirulaguntza guztiak jasotzen ditu, herriko zein herritik kanpoko erakunde edo taldeekin hitzartuak, izendunak edo norgehiagoka bidezkoak. Solaberrietak zehaztu duenez, lehendik zeuden dirulaguntza guztiak mantentzeaz gain, lerro berriak erantsi dituzte. Batetik, garapen ekonomikoaren departamentuak izan du igoerarik nabarmenena, Usurbil Zabalik eta Hasiz Hazi dirulaguntzen bidez. Usurbil Zabalik-en bidez, orain arte hutsik dauden lokaletan jarduera berri bat zabaltzen zuten ekintzaileei bideratzen zitzaien, alokairua ordaintzen laguntzeko; hemendik aurrera, erosketa ere lagunduko dute. Hasiz Hazi-ren kasuan, ekintzaile berriei laguntzen zien bekak, eta hemendik aurrera hasiberriak ez direnei ere zuzenduko diete laguntza. 2020An bideratutako lerro berriak ere sartu dituzte planean: erosketa bonuak, Covid19-agatiko inbertsioei aurre egiteko laguntzak edo ostalaritzari zuzendutakoak.

Bestetik, hirigintza sailean merkatu libreko etxebizitzen alokairurako dirulaguntza lerroa zabalduko dute.”Tamalez, etxebizitza ez da eskubide herritar askorentzat, eta zailtasun handiak dituzte askok eta askok etxebizitza bat erosi edota alokatzeko. Nagusiki, etxebizitzen alokairu prezio altuengatik eta lan-baldintza prekarioengatik. Egoera horrek gazteen emantzipazioa zailtzen du, besteak beste”.

Horrez gain, kirol sailean, familia zaurgarrietako umeak Eskola Kirolera bultzatzeko lerroa zabalduko dute: hala, udalak bere gain hartuko luke kuota (batez beste, 120 eurokoa). “Eskola Kirolak, ikuspegi askotatik erreparatuta, onura asko ditu: osasun fisikoa sustatzeko, umeen integraziorako, euskararen erabilerarako, harremanetarako... are gehiago, osasun krisi honen testuinguruan”.

Kulturari dagokionez, herriko kultur sortzaileei zuzendutako lerro berri bat abiaraziko dute. Orain arte, ekitaldien antolakuntza lagundu izan dute, baina ez sorkuntza. “Kultur sorkuntza handia dago herri honetan, diziplina guztietan, eta sorkuntza hori diruz laguntzeko eta areagotzeko bokazioa du egitasmo honek”. Horrez gain, Udalbiltza partzuergoak abiatutako Geuretik Sortuak proiektuari ekarpena egingo dio udalak, xede bera baitu. “Euskara eta kontakizuna ardatz hartuta, partzuergoak eta udalek euskal herriak kulturalki saretzeko asmoz, hiru arte diziplinatan oinarritutako proiektua bultzatzea da helburua”.

Gizarte Zerbitzuen departamentuan, elbarritasunen bat edo mendekotasunen bat duten adin txikikoen guraso / tutoreei tratamenduak eragindako gastuak laguntzeko laguntza ezarriko dute, PSE-EEko zinegotziak 2021eko aurrekontuetan egindako ekarpena aintzat hartuz. “Helburua da mendekotasuna edo desgaitasuna duten adin txikikoen osasun egoera eta garapena hobetzeko tratamenduak jasotzeko aukera bermatzea”.

Covid19-arekin zerikusirik ez badu ere, udalak Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiarekin hitzartu duen dirulaguntza ere plan estrategikoan txertatuko dute. “Laborategiak, EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearekin batera, Naziometroa Euskal Burujabetzaren Barometroa ikerketa abiatu du. Eta udalak, beste hainbat erakundek bezala (hala nola Gipuzkoako Foru Aldundia eta beste hainbat udal), ekimen hau diruz lagunduko du”, azaldu zuen Solaberrietak.

2020ko aurrekontuen exekuzioa

Udaleko kontu hartzaileak ere parte hartu zuen otsaileko osoko bilkuran, hain zuzen, 2020ko aurrekontuaren exekuzio espedientearen berri emateko. Urtero, martxoaren 31n likidatu ohi dira behin betiko aurreko urteko aurrekontuak, urtarriletik martxora bitartean fakturaren bat edo beste iristen baita. Kontu hartzailearen esanetan, atzo eman zituen zifrak aurrerapen bat baino ez ziren, nahiz eta ez duen uste aldaketa handirik izango denik. “Gaurko datuak ere atera ditut: gastuak %70 inguruko exekuzioa izan du, eta sarrerek, aldiz, %63koa”.