Publicador de contenidos

Atrás Dirulaguntzen plan estrategikoa eguneratzea onartu dute, aho batez

Dirulaguntzen plana 2026-2028 aldian izango da indarrean: misioen logikara lerrokatu da, herriko eragileak misioetara motibatu eta batu daitezen.

01·12·2025


2026-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa eta 2026ko eranskinak onartu dituzte, aho batez, azaroko osoko bilkuran. Azken urteotan udala lanean ari da misioen baitako udal jarduna eta gobernantza eredua eraikitzeko, eta logika horretara lerrokatu nahi dira dirulaguntzak ere. 2026an, guztira, 874.760 euro banatuko dira dirulaguntzetan.

Usurbil bizi: herri bat, lau misio proiektuaren baitan, Usurbilgo Udala lanean ari da misioen baitako udal jarduna eta gobernantza eredua eraikitzeko. Usurbilek herri gisa dituen lau erronka nagusi definituta daude (650 Usurbil Bizi, Zaintza, Trantsizio ekosoziala eta Udala, gertu), eta ezarriak daude, halaber, erronka bakoitzari ezarritako misioak ere, eragile ezberdinekin batera ko-sorkuntzan adostu direnak. Misioak, finean, erronka bakoitzari ezarritako helburu inspiragarri eta anbiziotsuak dira, eragile eta herritarrak eraldaketarekin motibatzeko eta eraldaketara batzeko, eta, hortaz, herri gaitasunak norabide bateratuan kokatzeko.

Erronkak eta misioak

650 Usurbil Bizi

Kultura, euskara eta herri-identitatea, tokiko ekonomiaren motor bilakatzeko helburuz, 650 Usurbil Bizi herri proiektua osatu zuen udalak iazko legealdian, eraikuntza kolektiboan. Ekonomia lokalari bultzada ematea da helburu nagusia, eta, horretarako, turismo eredu berritzaile eta eraldatzaile bat osatu zen, eta horren araberako turismo plan eta eskaintza oso bat garatzen ari da, herri identitatean, baloreetan, ondarean eta martxan dauden proiektu eraldatzaileetan oinarrituta.

Zaintza

Bospasei urteko gogoeta kolektibo eta komunitario zabala egin da Usurbilen, pertsona ardatz duen arreta eredua erdigunean jarrita, Usurbil herri zaintzaileagoa izateko eta tokiko zaintza ekosistema berri bat eraikitzeko helburuz. Erronka horri misio bat ezarri zaio, lanketa horretan aritutako eragile publiko, komunitario eta pribatuen artean adostutakoa.

Trantsizio ekosoziala

Usurbil jasangarriagoa eta bizigarriagoa zerumugan, ezin da Usurbil ulertu trantsizio ekosozialaren erronkari erantzun gabe. Hala, herri misio bat ere finkatu zaio, parte-hartze prozesu batean.

2030 urterako Usurbil klima ikuspuntutik neutroa izango den herria bihurtzea, balioen eraldaketan, mugikortasun eredu jasangarrian, baliabide naturalen zaintzan eta bertako kontsumo eredu arduratsuan oinarrituko den trantsizio justua garatuz.

Udala, gertu

Urteotan pilatutako esperientziak eta ezagutzak gidatuta, udal barruan eraldaketa sakona abiatu da, XXI. Mendeko gizarteak dituen erronka konplexuei erantzuteko. Hiru norabidetan ari da aldaketak sustatzen: batetik, udal egituraketa eta funtzionamendua aldatu da, eta udala hiru eremu zabaletan antolatu da (herritarrak, lurraldea eta antolaketa); bestetik, udala digitalizatzeko urratsak egiten ari da; eta, hirugarrenik, misioen baitako gobernantza eredu berria osatu nahi da. Aldaketa horien helburua argia da: zerbitzu publikoa indartzea eta udala herritarrengandik gertuago egotea.

Misioen bitartez herriko pertsona eta eragileak konektatu nahi dira, elkarrekin lanean jarri, misioen mesedetan elkarlan publiko-komunitario eta pribatuak gorpuzteko. Hain justu, hori guztia ahalbidetzeko, dirulaguntzen plan estrategikoa eta planaren indarraldian abiatuko diren dirulaguntza lerroak logika honetara lerrokatu dira, izan ere, dirulaguntza politika bada akuilu, bada tresna, herriko eragileak misioetara motibatu eta lerrokatzeko.

2026ko eranskinak

Sailez sail, dirulaguntza lerroak, helburuak, hartzaileak, mota, kopurua eta aurrekontu partida zehazten dira, urtero, eranskinetan. Honakoak onartu dira 2026rako:

Euskara: 116.100€

Euskara ikasteko dirulaguntzak: 24.000€

Noaua!-ri dirulaguntza: 74.000€

Araba Euskaraz ekimenari dirulaguntza: 800€

Kilometroak ekimenari dirulaguntza: 800€

Nafarroa Oinez ekimenari dirulaguntza: 1.300€

Herri Urrats ekimenari dirulaguntza: 1.300€

Ibilaldia ekimenari dirulaguntza: 800€

Hizkuntza Eskubideen Behatokiari dirulaguntza: 900€

Euskal Herrian Euskaraz egitasmoari dirulaguntza: 200€

Elhuyar Fundazioari dirulaguntza: 10.000€

Lan munduko dirulaguntzak: 2.000€

Garapen ekonomikoa: 59.500€

Herri merkataritza eta ostalaritza sustatzeko

Usurbilgo lokal hutsetan jarduera ekonomiko berri bat abian ipini nahi duen ekintzaileei laguntzeko dirulaguntza: 30.000€

Hasiz Hazi dirulaguntza: 4.500€

Gazteria: 4.500€

Aisialdiko begirale eta zuzendariei dirulaguntzak: 4.500€

Gizarte Zerbitzuak: 113.260€

Aurreikusi gabeko gizarte zerbitzuetako egoera-premia bereziak: 1.000€

Gizarte Larrialdietarako Dirulaguntzak: 50.000€

Baliabide nahikorik ez dituztenei eta bestelako dirulaguntzak eskuratu ezin dituzten pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko laguntza: 5.000€

Gizarte ekintzen eremuan jarduten duten elkarteentzako dirulaguntza programa: 12.000€

Desgaitasuna edo mendekotasuna duten adin txikikoen guraso edo tutoreei haurrek egindako tratamenduek eragindako gastuei laguntzeko: 1.000€

Gizarte ekintzen eremuan jarduten duten Usurbilgo elkarteentzako dirulaguntza: 8.000€

Usurbilgo jubilatu elkarteen jardueretarako: 30.000€

Oporrak Bakean programa: 1.760€

Gune komunitario eta begi-bistakoetan adimen-desgaitasuna duten pertsonei garatzeko, prestatzeko eta parte-hartzeko aukerak sustatzeko kolektibo horretako pertsona bat udalean aritzeko: 4.500€

Aniztasuna: 53.000€

Ekintza humanitarioak: 10.000€

Garapenerako lankidetza programen eremuan proiektuak exekutatzeko, garatzeko bidean dauden nazioetako herritarren egoera sozioekonomikoa hobetzeko: 43.000€

Hezkuntza: 68.000€

Musika irakaskuntza eta musika-kultura suspertzeko: 68.000€

Etxebizitza: 30.000€

Etxebizitzen alokairurako: 10.000€

Etxebizitzetan igogailuak instalatzeko: 20.000€

Idazkaritza: 4.000€

Naziometroa: 4.000€

Ingurumena: 13.000€

Ingurumen dirulaguntza irekiak: 10.000€

Aire eta lurraren kalitatearen jarraipena egitea: 3.000€

Kirola: 148.700€

Eskola Kiroleko dirulaguntza: 66.700€

Kirol taldeen ohiko dirulaguntza zuzenak: 60.000€

Laguntza bereziak: 6.000€

Kirol teknikoen prestakuntza: 1.000€

Kirol egokitua: 3.000€

Kirol elkarteak ez direnean: 2.000€

Kirol mediku azterketa: 5.000€

Eskolan kanpok kirol jardueretan parte hartzeko: 5.000€

Kultura: 209.700€

Auzoetako Jai Batzordeentzat: 51.000€

Geuretik Sortuak: 7.900€

Santixabeletan herriko eragileen ekintzetarako: 17.000€

Herriko elkarteen kultur ekimenak: 80.000€

Jakin Jardunaldiak: 11.000€

Eusko Ikaskuntza: 300€

Kultur sormena bultzatzeko: 15.000€

Buruhandien konpartsa: 12.000€

Orbeldi dantza taldea: 14.000€

Salbatore parrokia: 1.500€

Nekazaritza eta abeltzaintza: 55.000€

Nekazaritza dirulaguntza irekiak: 20.000€

Nekazaritza dirulaguntza izendunak: 24.000€

Usurbil. Sagarraren bihotza, sagardoaren kultura: 6.000€

650 Usurbil Bizi: sagardoaren Usurbil: 5.000€